Kukubaso elkarteak bost urte beteko ditu bertako basoa berreskuratzeko lanetan

Gontzal Belategi Zubia 2026ko otsailaren 13a

Kukubaso elkarteak domekan egindako landaketa.

Bost urteko ibilbide honetan 5.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte Bergaran eta inguruetan. Elkarteko kideak pozik daude herri lurren berreskurapenean egindako lanarekin, eta bazkideek duten garrantzian jarri dute azpimarra.

Kukubaso elkarteak, hainbat herritarren laguntzarekin, 99 zuhaitz landatu zituen Askatsu eta Askatsugain aldean. Hain zuzen ere, urteko bigarren landaketa izan zen, eta lursail haietan berez sortuko liratekeen espezieak landatu zituzten; besteak beste, gaztainondoa, gorostia eta haritza.

Bost urte lanean

Maiatzean beteko ditu bost urte elkarteak, eta igandekoa beste pauso bat izan zen bertako basoa berreskuratzearen eta horren inguruko kontzientzia zabaltzearen bueltan elkarteak egiten duen lanean.

Bergarako eta inguruetako basoen egoerak kezkatuta sortu zen Kukubaso, 2021ean. Elkarteko kideen ustetan, bertako basoa ia galduta zegoen, eta herriko lurren %60 hartu izan duten pinudi eta konifera landaketa gehienak banda marroiaren ondorioz eraitsita edo gaixo zeuden. Gainera, horren erantzun gisara herriko basoetan eukaliptoa nagusitzeko arriskua ere ikusten zuten.

Egoera hori aldatzeko asmotan sortu zuen herritar talde batek elkartea, eta bost urte hauetan ugariak izan dira egin dituzten ekintzak. Kukubasoko presidente Ainhoa Agirrebeñak azaldu duenez, 5.000 zuhaitz inguru landatu dituzte urte hauetan: "Bost urte hauetan 5.000 zuhaitz inguru landatu ditugu. Alde batetik, lagapenean dauzkagun bi hektarea pasatxotan landatu izan ditugu, eta aste honetan beste lagapen kontratu bat sinatzeko asmoa daukagu. Bestalde, herri lurrak izango lirateke lau bat hektarea".

Agirrebeñak egiten den lanaren funtzio bikoitza azpimarratu du: "Bost urtean 5.000 zuhaitz landatzea, beste batzuk hamar mila landatzen dituzten neurrian, kuantitatiboki lorpen txikia izan daiteke, baina guretzat hori bai- no garrantzitsuagoa da jendearen kontzientziazioa; ikusaraztea garrantzitsua dela gauzak hobeto egiten jarraitzea". Alde horretatik, gauzak auzolanean egitearen garrantzia aipatzen du: "Guk hau guztiau auzolanean egiten dugu, familia asko etortzen dira gure ekintzetara eta umeen artean ere ari da kontzientzia hori sortzen".

Herri lurrak berreskuratuz

Elkartea martxan jarri zenean, Bergarako lursailen %2 besterik ez zen herri lurrak. Horretaz jakitun, Kukubasoren lan-lerro garrantzitsuetako bat izan da lur horien berreskurapena, eta urte hauetan aurrerapauso nabarmenak eman dituzte: "Bergarako Udalarekin 2022an elkarlanerako hitzarmen bat sinatu genuen. Hitzarmen hartan, Udalak lurren erosketa deialdi publikoen bidez egingo zuela jasotzen zen. Lanean hasi ginenetik orain arte, Udalak 30 bat hektarea erosi ditu. Orain ere badabil beste erosketa prozesu batean, eta beste 10 bat hektarea erosteko dago. Alde horretatik, oso pozik gaude".

Arazoetako bat lur-jabe askok lurrekin zer egin ez dakitela dela aipatzen du Agirrebeñak: "Jende askori herentzian heltzen zaio lursail bat, eta ez du jakiten zer egin. Egun, jende asko aurkitzen dugu lursaila izan baina horrekin zer egin ez dakiena. Gu hor egoten eta aukerak azaltzen saiatzen gara. Posible da guri lagapenean ematea, udal deialdira aurkeztuta saltzea edo kudeaketa ekonomikoarekin segi, baina modu jasangarriagoan egitea. Gu informazioa bideratzen saiatzen gara".

Bazkideen garrantzia

Elkartea bazkideei esker finantzatzen dela azaldu du presidenteak, eta jendea animatu nahi dute bazkide egitera. Bi bazkide mota dituzte, bazkide laguntzaileak, gehienetan familiek osatua, eta egun 115 direnak, eta enpresaz osatutako bazkide babesleak, hamabi direnak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak