Mozorroak, kontzertuak, ikuskizunak eta kalejirak Bergaran, Aratusteez gozatzeko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko otsailaren 13a

Iazko Aratusteetako kontzertua. (Argazkia: GOIENA).

Hala bazan! kontzertu berezia taularatuko dute gaur gauean, frontoian. Zuzenean jarraitu ahal izango da emanaldia goiena.eus atarian, 22:30ean hasita, eta martitzenean, Goiena telebistan izango da ikusgai, 22:30ean.

Torrada eta pellen ikastaroarekin eta Bergarako Musika eta Dantza Eskolako ikasleen atzoko sorgin dantzarekin murgildu dira bergararrak aurtengo Aratusteetan. Kolore festa izan ohi da, baina aurtengoak izango du ipuinetik ere; izan ere, Bergarako Musika Bandaren Hala bazan! kontzertu bereziak hainbat kontakizun izango ditu ardatz. Emanaldia gaur izango da, Udal Pilotalekuan, 22:30ean; azken sarrerak salgai daude www.seminarixoa.eus atarian. Halaber, www.goiena.eus atarian zuzenean jarraitu ahal izango da eta martitzenean Goiena telebistan izango da ikusgai, 22:30ean.

Bergarako Musika Bandaz gain, Bergarako Orkestra Sinfonikoa, Aritzeta abesbatza, Debako Kulunka dantza-taldea eta herriko hainbat antzezle nahiz abeslarik hartuko dute parte. Guztira, 160 partaide inguruk. Ohi bezala, bi zatitan banatu dute ikuskizuna. Lehenengoan, Musika Banda bakarrik arituko da eta hiru pieza taularatuko ditu: Ihauteriko dantzak, Leonard Bernsteinen West Side Story musikaleko America eta Justin Williamsek moldatutako A crooner's serenade swing doinuen bilduma.

Bigarren zatian, Hala bazan! antzerki musikatuaren txanda izango da, eta bandako zuzendari Enrike Txurrukak adierazi du ipuin klasikoetako pertso- naia asko bizi diren herria dela Hala Bazan!: "Pertsonaia horien arteko egoera xelebre edo aldrebesak erakutsiko ditugu. Umorez eta ikuspegi zabal batez izan dadin saiatuko gara, Aratusteen izaera jarraituz, inor mintzeko asmorik gabe. Antzerkia abesti batetik bestera eramango gaituen aitzakia da. Herriko abeslariak izango dira denak, batzuk beteranoak eta besteak estreinakoz arituko direnak, banda, orkestra, abesbatza eta dantzarien laguntzarekin. Denak boluntario, eta borondate handienaz gogor lanean".

Familientzako hitzorduak

Egun hauetako beste ekitaldietako bat izaten da pailazoena, eta aurten Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore Zerua lapurtu dute ikuskizunarekin izango dira Bergaran. Emanaldia bihar izango da, 18:00etan, frontoian. Oraindik sarrerak salgai daude, sei eurotan, www.seminarixoa.eus webgunean.

Domeka arratsaldean, 18:30ean, Bergarako Erraldoi eta Txistulari Bandaren kalejira izango da. Martitzenean, berriz, familiendako Aliritzi erromeriak jarriko du giroa San Martin plazan. Eguraldi txarra bada, Seminarixoan izango da.

Ikastetxeen desfileak

Eguraldi txarra ez da aitzakia izango Aratusteak ez ospatzeko, eta herriko ikastetxeak ere mozorrotuko dira. Eguraldi ona bada, kalean zehar egingo dituzte kalejirak, baina, giro txarra badago, eskolan bertan egingo dituzte ospakizunak.

Mariaren Lagundia Ikastolako ikasleek gaur dute hitzordua, eta aukeratu duten gaia Espazioa da. Eguraldi ona bada, 14:45ean irtengo dira kalera, Toki-Ederretik; Espaloia kalea zeharkatu eta Ramon Maria Lili kalean behera jaitsiko dira. Handik Ibargarai kalera iritsiko dira, eta, Irala kalea, Barrenkalea eta San Martin plaza zeharkatuta, Ikastolara itzuliko dira Bidekurutzetatik. Ibilbidean geldialdiak egingo dituzte, dantzatzeko.

Aranzadi Ikastolan ere gaur ospatuko dituzte Euskal Inauteriak, eta asmoa da 15:20an kalera irtetea. Ikastolako jolastokian hasita, frontoia eta Irala kalea zeharkatuko dituzte, eta kalejira jolastokian amaituko dute. Euskal Inauterietako jantziak soinean dituztela dantzak egingo dituzte, 17:00ak bitartean.

Ipuinak aukeratu ditu San Martin Agirre Herri Eskolak, eta martitzenean askotariko pertsonaiez beteko dira herriko kaleak. 15:00etan abiatuko dira, Lehen Hezkuntzako eraikinetik, eta Matxiategiko ziburuetan elkartuko dira Haur Hezkuntzakoekin. Handik herriko plazarako bidea egingo dute, Fraiskozuri eta Irala kaleak igarota. Hiru geldialdi egingo dituzte dantzatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak