2026ko Eskuz Binakako Txapelketa nagusian ez du partidurik galdu Olatz Arrizabalak eta Arrate Bergara bergararrak osatzen duten bikoteak. Joan den asteburuan Lapurdiko Itsasu herrian jokatutako partiduan aise gailendu ziren Etxegarai-Betegi bikotearen aurka, 22-6 –Capellan da Etxegarairen bikotekidea, baina ezin izan zuen jokatu–. "Partidua oso ondo joan zen. Gainera, lehenengo aldia izan zen guretzat Ipar Euskal Herrian jokatzen, eta jende asko etorri zen frontoira. Giroa eta frontoia ezberdinak ziren, eta uste dut hobeto egokitu ginela. Olatzek min handia egin zuen sakean eta ni seguru ibili nintzen atzean; euren momentu txarrak aprobetxatu genituen eta kontrolpean izan genuen partidua une oro", adierazi zuen Bergarak. Jokatutako lau partiduak irabazi dituzte, eta sailkapeneko lehenengo postuan guztiz egonkortuta daude gaur egun.
Arrizabalaga bikotekide
"Oso ondo" ezagutzen dute elkar Arrizabalagak eta Bergarak, eta hori bera islatzen dute frontoian. "Gure indargune nagusia da oso ondo ulertzen dugula elkar eta oso ondo komunikatzen garela. Une oro dakigu noiz dagoen bestea okerrago, eta elkarri laguntzen diogu. Egon daitezke bi pilotari oso on, baina ez badute elkar ulertzen eta ez badute bikote sendo bat osatzen, zaila da partiduak aurrera ateratzea", dio Bergarak.
Binakako txapelaren bila
"Olatz oso momentu onean" dagoela dio bergararrak: "Bost txapel ditu binakako txapelketan, eta hori zerbaitegatik da". Bergararen kasuan, binakako txapelketa nagusiko lehenengo txapela izango litzateke harentzat, eta, gaur egun duen mailarekin "oso pozik" badago ere, onartzen du badituela oraindik atera gabeko arantzak: "Master Cup-en jokatu ditudan azkenengo hiru finalak galdu egin ditut, eta, finalera iristea asko bada ere, momentuan ez da horrela ikusten. Hiru arantza horiek ditut: iazko binakako finala eta azken bi udako txapelketetako finalak". Azken faseak "zailak" izan dira atzelari debagoiendarrarentzat, bestek beste, presioa ere handitu egiten delako; aurrerantzean "egoera horiek hobeto kudeatzea" da haren asmoa.
Datozen partiduak
Multzokako faseko bi partidu gelditzen zaizkio Arrizabalaga-Bergara bikoteari. Aurreneko partidua domekan jokatuko dute, 12:00etan hasita, Lasarten, Zabaleta-Bertiz bikotearen aurka. Azken partidua, berriz, martxoaren 1ean jokatuko dute, Igorren, bigarren postuan dagoen Aldai-Arrillaga bikotearen aurka. Finalerdietarako txartela "ia %100ean lortuta" dute –aurreneko laurak sailkatzen dira–, baina Bergarak badaki multzokako fasearen osteko partiduak "oso zailak izaten direla beti". Hala, "gogor" prestatu beharko dituzte datozen partiduak binakako txapelketa nagusiko txapela lortzeko.