Laboratorium Museoa, emakume zientzialarien eta hezkuntzaren arteko topagune

Mireia Bikuña 2026ko otsailaren 11

Zientzia emakumeena ere badela aldarrikatuz, emakume zientzialari erreferenteak eman dira ezagutzera Emakume Zientzialarien IV. Lehiaketan. Genero berdintasunari buruzko gogoeta ere egin da museoan. 

Laboratorium Museoa emakume zientzialarien eta hezkuntzaren arteko topagune bilakatu da, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean. Ainhoa Lete Bergarako alkateorde Ainhoa Letek eta Museoko zuzendari Rosa Errazkinek banatu dituzte banatu dituzte Emakume Zientzialarien IV. Lehiaketako sariak. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako 84 ikaslek parte hartu dute, 23 lan aurkeztuz.  

Marie Curie, Lise Meitner, Hedy Lamarr, Margarita Salas, Valentina Tereshkova, Elena Garcia, Ana Zubiaga eta Uxue Lazkano bezalako emakume zientzialariak hartu dituzte aintzat ikasleek euren lanetan. "Tokikoak zein mundu mailakoak. Zientziaren bitartez mundua aldatzen duten eta aldatu duten emakumeak", azpimarratu dute.

Lan onena, San Martin ikastetxearena

Lan onena San Martin Agirre ikastetxeko Luk taldeak egindakoa izan da. Lanak Uxue Lazkano zientzialari bergararraren elkarrizketa du erdigunean, eta egilea izan dira Unai Guillon Iñarra, Kattalin Cenitagoya Apraiz, Luisana Antolino eta Lier Nin. "Zuek ez zarete etorkizuneko zientzialari hutsak: gaurdanik ari zarete ekarpenak egiten, aurkikuntza txiki baina esanguratsuen bidez, galdera ausartak planteatuz eta konponbide berriak pentsatuz. Zuek egiten duzuen lanak bidea zabaltzen du beste neska askok ere zientziaren munduan euren lekua ikusteko, eta hori oso aberasgarria da bergararrontzat", esan die Ainhoa Letek. 

Erakusketa ikusteko azken egunak

Bestalde, Laboratoriumen dagoen aldi baterako Mundua aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak erakusketa ikusteko azken egunak dira hauek. Hilaren 15era arte egongo da zabalik. Euskadiko Parke Teknologikoak sustatutako erakusketa da, eta Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan kokatzen da. 

Erakusketak zientziaren eta teknologiaren historiako zein egungo emakume erreferenteak jartzen ditu erdigunean, emakumeek gizartearen aurrerapenean egindako ekarpenei ikusgaitasuna emanez. Iragana eta oraina uztartzen dituen ibilbide baten bidez, askotan ikusezin bihurtu diren lanak balioan jarri eta belaunaldi berrientzat erreferenteak sortzea du xede.

Mahai-ingurua martxoan

Emakumeak Zientzian ekimenaren baita, martxoaren 12an, 10:00etan, Seminarixoan, Etorkizuneko industria inspiratzen duten emakumeak  mahai-ingurua egingo da, Laboratorium Museoak eta Enpresarek elkarlanean antolatuta. 

Hizketaldiak emakumeek industrian duten papera, sektorearen egungo erronkak eta industria anitzago eta inklusiboago baten alde, erreferente femeninoak sortzearen garrantzia izango ditu ardatz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak