Abian da 41. Koldo Eleizalde sorkuntza lehiaketan lanak aurkezteko epea

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko otsailaren 9a

Iazko sari-banaketako talde argazkia.

Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 17a izango da; sari-banaketa, berriz, maiatzaren 30ean izango da, 12:00etan, Seminarixoan.

Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako Koldo Eleizalde lehiaketan parte hartu daiteke dagoeneko. Beste urte batez, Bergaran jaiotako edo Bergaran bizi zein bertan ikasi edo lan egiten dutenek hartu ahal izango dute parte eta euskarazko sormen lanak aurkeztu ditzakete, lau generotan banatuta: ipuin idatzia eta poesia, komikia, bertsoa eta interpretazioa eta kontaketa. Azken horren barruan daude antzerkia, podcasta, ipuin-kontaketa eta txiste edo umorezko pasadizoen kontaketa eta entzunezko eta ikus-entzunezko formatuetan aurkeztu daitezke.

Genero bakoitzean parte-hartzaileen jaiotze-urtearen araberako kategoriak ezarri dituzte, eta kategora horien arabera aldatzen dira lanen luzerak eta sariak.

Aurkezpen-baldintzak

Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 17a izango da. Sormen lanak grabazioak (ahozko kontaketa, interpretazioak, ikus-entzunezko lanak...) izanez gero, Bergarako Udalaren webgunearen bidez aurkeztu behar dira, horretarako prestatu duten formularioa beteta eta artxiboa erantsita.

Testuzko lanak (ipuina, poesia, komikia...), berriz, Bergarako Udalaren webgunearen bitartez edota, paperean, Bergarako Udaletxeko Bergararren Arretarako Zerbitzuan. 

Epaimahaia Bergarako Udaleko Euskara batzordeak aukeratutako pertsonek osatuko dute, eta sari-banaketa ekitaldia maiatzaren 30ean izango da, Seminarixoan, 12:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak