Otsailaren 3an hasi zituzten Bergarako Buruñao auzoko jaiak meza nagusiarekin eta opil bedeinkaketarekin. Hilaren 5ean eman zioten jarraipena eta gaur, otsailak 7, jaien azken eguneko egitaraua izan dute goizetik hasita. Buruñao auzoko jai batzordeko kide Iñigo Gabilondok jaien gaineko balorazio positiboa egin du: "Otsailean izan daiteke giro eguzkitsua egotea edo elurra, eta guri lehenbizikoa egin digu. Eskertzen da horrek jendea gerturatzen duelako eta asko pozten gaitu horrek".
Goizeko salda eta txorizoa dastatu eta gero, Moises Azpiazuko dantzariek girotu dute auzoa. Taldeko kide Garazi Plazaolak dioenez, "urte asko" dira San Blas jaietara joaten direnetik. eta eurentzat "ohitura" bilakatu den hitzordu bat da dagoeneko. "Auzoetako jaiei gure aletxoa jartzera etortzen gara; oso garrantzitsuak dira guretzat. Taldeko dantza ertainak egin ditugu; baita fandango eta arin-arinak ere, eta haurrak oso gustura ibili dira", gehitu du.
Jaiak antolatzeko zailtasunak
Gabilondok adierazi du "geroz eta lan gutxiago" egiten dutela jaien antolaketan, eta gaur egungo gizartea "indibidualista" dela eta "halako gauzak antolatzea, elkartzea, batzarrak egitea eta hori guztia kostatu" egiten dela gaineratu. "Oso nekeza" da haren ustetan auzoetako jaiak antolatzea eta ez daki "datorren urtean zer gertatuko den.