Gipuzkoako txapelketan egindakoari jarraipena eman gura diote Ariznoakoek

Julen Murua Mesonero 2026ko otsailaren 6a

Ariznoa elkarteko gimnastak, joan den asteburuko lehiaketan.

Gipuzkoako amateur txapelketa jokatu eta gero, datozen txapelketei begira daude Ariznoakoak. Amateurrek hilabete barru jokatuko dute bigarren fasea; eskolarrek, asteburuan.

Joan den asteburuan ekin zioten Bergarako gimnastek urte berriari. Hasiera berezia izan zen; izan ere, herriko elkarteak, Ariznoak, antolatu zuen urteko lehenengo txapelketa izan zena: Gipuzkoako amateur txapelketako lehen faseko lehiaketa. Gipuzkoako hainbat klubek parte hartu zuten, eta guztira 131 ariketa egin zituzten; Ariznoako hamazazpi gimnastak hartu zuten parte.

Entrenamenduetan landutakoa ikusleei erakusteko asmoarekin joan ziren herriko gimnastak Labegaraietako kiroldegira, eta, taldeko entrenatzaile Irati Gardokik dioenez, urteko lehenengo lehiaketa "ondo joan zen, orokorrean". "Lehenengo txapelketako helburua beti izaten da aurretik egindako lan guztia ahalik eta ondoen erakusten saiatzea. Talde guztiek hori lortu zuten, eta, alde horretatik, pozik gaude. Hala ere, normala den moduan, akatsak ere egon ziren ariketetan, baina denboraldi hasiera dela kontuan hartuta ez gaitu kezkatzen. Horiek zuzendu eta lanean jarraituko dugu denboraldi amaieran ariketa hobeak egiteko", gehitu du entrenatzaileak.

Elkartearen egoera

Gaur-gaurkoz, 100 gimnasta inguruk osatzen dute Ariznoa taldea: "Psikomotrizitate taldetik hasi, eta senior taldera arte". Halere, txapelketetan alebin mailatik aurrerakoek hartzen dute parte, eta horiek, guztira, zortzina gimnasta talde eta bakarkako gimnasta dira –alebinetan, bi talde eta bi bakarkako; infantiletan, hiru talde eta bi bakarkako; kadeteetan, bi talde eta lau bakarkako; eta, azkenik, seniorretako taldea–. Horren harira, Gardokik dio elkartea "osasuntsu" dagoela. "Azken urteetan gero eta talde gehiago ditugu txapelketa kategorietan, eta hori gimnastak gustura dauden seinale da. Gainera, uste dugu txikiak gimnasiara animatzeko beharrezkoa dela nagusien taldeak mantentzea, haiek erreferente izan daitezen", gaineratu du.

Etorkizuneko helburuak

Datozen txapelketetako helburua "hasieran egindako ariketatik abiatuta garapena izan duten ariketak egitea" dela dio Gardokik, eta horretarako aukera izango dute datozen asteetan. Izan ere, "amateurrek hilabete bat izango dute Gipuzkoako Txapelketako bigarren fasea prestatzeko. Eskolarrek, aldiz, asteburu honetan jokatuko dute lehenengo fasea, Donostian".

Joan den astetik kurtso bukaerara arte badute nahikoa denbora ariketetan egindako akatsak hobetzeko. Maiatzean izaten dira azken txapelketak, eta Gipuzkoakoak zein Euskadikoak izaten dira horiek. Hori ez ezik, aurtengo Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketa Bergaran izango da, "etxean", eta Ariznoakoen "ilusioa talde guztiak bertarako sailkatzea litzateke", Gardokik onartu duenez. Hortaz, hilabete hauetan guztietan lanean jardungo dute, "helburu guztiak betetzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak