Joan den urteko topaketak izandako arrakasta ikusita, bigarrena egin dute aurten. Egunerokoan eskalatzen ibiltzen direnak elkartu, eta auzolanean prestatu dute domeka goizeko topaketa. Bergarakoak ez ezik, Oñatitik edo Oriotik, adibidez, etorritakoak ere elkartu dira.
Emakume eskalatzaileak elkartu eta saretzea zuen helburu joan den urtean egindako lehen topaketak eta gaurko topaketan ikusi dute orduan sortutako harremanak jarraitu dutela. "Egunerokotasunean ez gara horrenbeste, bakoitzak ahal dugunean etortzen gara rokodromora eta normalean ez gara aldiro horrenbeste elkartzen baina poztasuna ematen du gaurko taldeak ikusteak. Saiatzen gara lehentasuna bergararrei ematen, nahi genuelako gure artean ezagutzea eta rokodromoan ere gure espazioa hartzea. Baina ulertzen dugu emakumeon espazio hartze hori ez dela bergarakoon kontua bakarrik eta polita izan da beste herri batzuetako jendea ere ikustea, batzuk errepikatu egin dutelako eta beste batzuk lehen aldiz etorri direlako", adierazi du antolatze lanetan ibili den Maddi Mujikak.
Goizeko 11:00etan elkartu dira Labegaraietako rokodromoan eta ariketak egin dituzte lehenengo, "berotan sartzeko eta tentsioa kentzeko". Eskalatzen hasi dira gero. Markatuta zeuden blokeak eta hori lagungarri egin zaie denei, baina zailtasun ezberdinetako bideak zituzten prestatuta eta erronka moduan hartu dute behetik goraino heltzea, "gaur ez bada hurrengoan".
Beste topaketa bat eta tailer bat egingo dituzte aurten
Topaketa honen ondotik beste batzuk ere etorriko direla aurreratu du Mujikak, tailerrak eta ikastaroak ere egongo direla gaineratuz. "Udalak ikastaroak antolatzen ditu gazteendako eta guk beste topaketa batzuk egiten ditugu probatu nahi dutenentzako. Aurten ere, adibidez, egingo dugu bat horiendako, probatu nahi dutenendako horiendako. Horrez gain, badugu asmoa tailer bat egiteko ere sokak erabiltzen eta maniobrak egiten ikasteko".