Hezkuntza antiarrazistaz jardun dute sakon, Ndank Ndank elkarteak antolatuta

Hasier Larrea 2026ko urtarrilaren 31

Kulturartekotasuna lantzen duen Bergarako elkarteak hezkuntzako eragileei begirako jardunaldia garatu du gaur goizean. Hainbat gairen bueltan aritu dira, esaterako, ikastetxeetan arrazakeria identifikatzeaz, bizikidetza inklusiboa sendotzeaz, adopzioaz eta zuri salbatzailearen ikuspegiaz. Eli Dominguez, Amaia Jackson, Leyao Rovira eta Hajar Samadi izan dira hizlariak. 

Herritar orori eta bereziki gurasoei eta hezkuntza arloko irakaslegoari begirako jardunaldia eraman du aurrera Seminarixoan Ndank Ndankek gaur goizean zehar. Elkarteko kide Eli Dominguezek eta Haur Hezkuntzako irakasle Amaia Jacksonek hasi dute ekitaldia. Galdera zuzen bat erantzuteko eskatu diete bertaratutakoei, ea eskoletan arrazakeria ba ote dagoen. Eta erantzuna, aho batez, baiezkoa izan da. Horren aurrean, Jacksonen esanetan, alde batetik, "poztekoa da kontzientziazio maila handia dagoela ikustea". Dominguezek nabarmendu du, bestetik, oraindik gaiaren inguruko lanketa handia dagoela egiteko: "Askok ez dutelako euren gai bezala ikusten. Horregatik, falta da hezkuntza komunitateak gai hau norberarena bezala hartzea".

Ikasgaietako materialak eta curriculuma berraztertzea garrantzitsua iruditzen zaie, "zaharkituta" geratu direlako. Material hori ikuspegi antiarrazista batekin berritzeak "neska-mutilengan erreferente positiboak" eraikitzen lagun dezakeela gaineratu dute.

Jarrerak berraztertzearen garrantzia

Ondoren, adopzioaren gaiari heldu diote, lehenik eta behin, Elene Mengyu Larrinagaren bizipenetan oinarritutako Hogeitabat dokumental laburra proiektatuta. Jarraian hartu du hitza Leyao Rovira ekintzaile antiarrazista tarragonarrak. Pertsona arrazializatu eta adoptatuaren ikuspuntutik, salbatzaile zuriaren sindromea zer den azaldu du: "Bereziki gizon zuriek daukaten joera hori, nik salbatu zaitut pentsamendua, modu sarkastikoa patologizatzeko kontzeptua da; adopzioa fabore bat izango balitz bezala ikusten dute". Gaineratu du, 1990etik aurrerako adopzioen gorakada ikusita, adopzioa ez dela "arrazismoaren aurkako antidotoa", eta "beti" dela une aproposa norbere jarrerak eta aurreiritziak berraztertzeko.

Atsedenaldiaren ostean, Hajar Samadik eskolan bizikidetza inklusiboa sendotzeko gakoak eman ditu. Eta, bukatzeko, mahai ingurua egin dute hizlariek eta Elene Mengyuk, bertaratutakoei galderak eta ikuspuntuak partekatzeko aukera emanaz.

Gaztendank elkarteko kideek ere merezi dute aipamena, eraikinaren sarreran izan baitira mokadua eskaintzen, uztailean Senegalera egitekoak diren bidaia finantzatzen laguntzeko. 

Hezkuntza antiarrazistaz hausnartzen jardunaldia Ndank Ndank elkarteak duela bi urte antolatutako beste jardunaldi baten jarraipena izan da. Jackson-ek borobildu bezala, "eskertzekoa" da halako espazioak sortzea, "guk ere gure mezua adierazteko. Izan ere, jende asko dago, nahiz eta arazo honek ez zeharkatu, ikasi nahi duena, aldatu, eta gaiaren bueltan lan egin".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak