Txapa Irratiak antolatuta, eta gauean egiten diren kontzertuen dinamiketatik aldenduta, domeka honetan, otsailak 1, Galder taldeak kontzertua emango du, eguerdiko hamabi eta erdietan. Galder Izagirre irundarrak, Dut, Bazka, Kuraia eta Berri Txarrak taldeetako bateria jolea izandakoak, Galder izeneko bakarkako proiektua abian jarri zuen 2023an.
Urte hartan, Forbidden Colours diskoetxearen eskutik hamar kantuz osatutako Esc diskoa kaleratu zuen, eta, lehen diskoa bakarrik konposatu eta grabatu bazuen ere, gaur-gaurkoz, Haize Carricaburuk (elektronika), Ilargi Agirrek (bateria), Hodei Estebanek (baxua), Onintze Garciak (gitarra) eta Izagirrek (bateria, gitarra eta ahotsa) osatzen dute taldea.
Kontzertua, domeka eguerdian
Kartzela zaharreko patio txikian egingo da kontzertua, eta, domekakoarekin, urte askoan Txapa Irratiak antolatu izan dituen domeka eguerdietako kontzertuei "beste aukera bat" emango diela adierazi du Lander Juaristik, Txapa Irratiko kideak. "Pentsatu genuena izan zen igande eguerdietan saiakera bat egitea kontzertuak antolatzeko. Gauean baino, nahiago dugulako beste ordutegi batean musikaz gozatzea. Agian, hori izan da arrazoia, edo baita beste urte batzuetan eguerdietan kontzertuak egin ditugunean oso gustura egin ditugulako".
Aurrera begira domeka eguerdietan kontzertuak antolatzen jarraitzea gustatuko litzaiekeela nabarmendu du Juaristik. Izan ere, haren iritziz, kontzertuak eguerdian egiteak gau girotik harago musikaz gozatzeko aukera ematen du, eta kontzertuak eguerdietarako antolatu dituztenean erantzun ona izan dute. "Ikusiko dugu zer moduz irteten den, ea bizigarri eta erraza den formatu hau aurrera ateratzea. Gogoa badaukagu gauzak antolatzen jarraitzeko. Azkenean, eguerdian edo dena delako beste formatu batean izan, kolektiboa beti izan da gauzak ekartzeko eta antolatzeko espazio bat, eta domekan egingo dugun saiakera ere horrela ikusten dugu".
Txapa Irratia, "osasuntsu"
41 urteren ondoren ia dena probatu izan badute ere, Txapa Irratiak bi berritasunekin hasi du 2026a. Abian dituzten irratsaioekin batera, sukaldaritzaren inguruko Lapiko kontuak izeneko irratsaio bat abian jarri dute, eta, horrez gain, ikasturteko lehen kontzertua antolatu dute datorren domeka eguerdirako: "Badaude ideia berriak ere. Gauza berriekin hasi dugu urtea, bai kultur eskaintzan, eta bai irratsaioetan gaiak lantzeko orduan".
Hain zuzen ere, kolektiboa "osasuntsu" dagoela esan du Juaristik: "Kontuan izanda Txapa Irratiak 41 urte dituela, esango nuke haren existentzia bera urrats handi bat dela. Azken finean, irrati libre eta ez-komertziala delako; alegia, guk finantzatutakoa eta kolektibo batek bideratutakoa".