Zer dela-eta erabaki zenuen Mendekotasunaren inguruko erdi mailako zikloa ikastea?
Hasiera baten, batxilergoa egiten hasi nintzen, baina utzi egin behar izan nuen, oso frustragarria izan zelako niretzat eta psikologikoki ez nengoelako oso ondo. Betidanik nahi izan dut pertsonekin lan egin, eta, Bergaran ikas zitezkeen moduluei begira, Mendekotasuneko erdi mailako zikloa ikastea erabaki nuen.
Pentsatzen dut mendekotasun egoeran daudenei laguntzean asebeteta sentituko zarela, ezta?
Pertsonekin egotea asko gustatzen zait. Oso garrantzitsua da mendekotasun egoeran dauden pertsonekin lan egitean ematen diegun laguntza. Nahiz eta guk oso gutxi eman, asko eskertzen digute emandako laguntza, eta bihurtzen gara eurentzat oso pertsona garrantzitsu. Asko betetzen nau horrek.
Gizarte Hezkuntzako gradua ikasten hasi zara aurten; nolakoa ari da izaten urtea?
Oso esperientzia polita izaten ari da. Askok esaten dute unibertsitateko etapa oso ona izaten dela, eta nik baieztatu egiten dut hori. Graduan pertsona berriak ezagutu, lagun berriak egin, esperientzia berriak bizi eta parranda onak egiten ditugu; kar-kar. Oso ondo doa urtea, momentuz, eta ez dabil zaila izaten; hortaz, ederto!
Asko aldatzen da bizimodua Bergaratik Bilbora?
Egia esan, bai. Bergara herri txikia da eta guztiok ezagutzen dugu elkar; Bilbo hiri handia da, eta askatasun handia ematen du horrek. Denetarik egin daiteke hemen, eta oso hiri polita eta erosoa da, gainera. Esan beharra daukat aldaketa handia igartzen dudala gurasoekin bizitzetik bakarrik bizitzera igarotzean, baina, era berean, nahiko autonomoa naizela esango nuke eta ez dut arazo handirik izan; ez, behintzat, alde horretatik.
Aisialdian musika sortzea duzu gustuko, eta ez Euskal Herrian oso ohikoa den musika, gainera.
Euskal Herrian oso musika estilo konkretuak entzuten ditu jendeak, baina nik ez nuen neure burua estilo horietan ikusten, nahiz eta gustuko ditudan. Hori dela eta, zerbait ezberdina egitea erabaki nuen. Banekien ez zuela babes handirik izango, oso estilo ezberdina delako eta, zoritxarrez, ez gaudelako prest estereotipo batzuk hausteko. Baina, era berean, esan behar dut jendeari geroz eta gehiago gustatzen zaiola gure musika; kartzela zaharrean egin genuen kontzertuan jendea oso pozik egon zen.
Uste duzu musika urbanoa geroz eta errotuago dagoela euskal gizartean?
Baietz esango nuke. Euskal artista gehienak geroz eta gehiago ari dira euren estiloa urbanora gerturatzen. Uste dut euskal gizarteak oso ondo hartu duela aldaketa hori eta, egia esan, asko gustatzen zait hori. Aldaketa positibo bat dela iruditzen zait.
Musikaz gain, baduzu bestelako zaletasunik?
Kozinatzea asko gustatzen zait; lasaitasuna transmititzen dit. Bestalde, aisialdian kirola egitea eta argazkiak ateratzea ere gustatzen zait; baita bidaiatzea ere.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Pasta edo patata-tortilla.
Janari gorrotatuena? Tripakiak.
Abesti bat? Romero Santo.
Bidaiatzeko toki bat? Mexikora joan nahi dut.
Bilboko txoko bat? Alde zaharra.
Eta Bergarakoa? Errekalde jauregiko parkea.