Tolosaldeako taldekideez agurtu eta arrauna uztea erabakita zeukanean, iazko denboraldi amaieran, jaso zuen Nerea Agirrezabalek (Bergara, 1994) espero ez zuen deia. Azken urteotako talde indartsueneko ordezkariak ate joka ari zitzaizkion, 2026an Arraun Lagunakeko trainerura batzeko proposatuz. Alegia, futboleko Bartzelona edo Real Madrid ate joka. Edo beste era batera esanda, Kontxako Bandera eta Euskotren Liga irabazteko faborito nagusia ate joka.
Konturatu zara arrauna utzi behar duzula erabakitzen duzun aldiro talde hobe batek fitxatzen zaituela?
[Barreak] Halaxe da, bai, Tolosaldeara joan nintzenean ere halaxe ibili nintzen. Baina azken dei hau ez nuen inondik inora espero. Erabakita neukan arrauna lagatzea, eta Arraun Lagunak taldeko entrenatzaile Juan Mari Etxaberen deia jaso nuen. Jokoz kanpo harrapatu ninduen deiak. Baina, hotzean pentsatu eta beste urtebetez jarraitzea erabaki dut, halako eskaintza bati ezin zaio ezetzik esan, damutu egin behar nintzelako bestela.
"Hemen estropada batzuetan kanpoan geratzen banaiz ulertu egingo dut, hori du talde onenean egoteak"
Pentsa, Arraun Lagunak iazko urtea errepikatzen, eta zu estropadak telebistaz jarraitzen…
Hori da, labur esanda. Halako trenak ezin dira galdu, gutxik dute halako talde baten egoteko aukera.
Hirugarren urtez jarraian irabazi dute Euskotren Liga, eta azken bost urteotan lautan irabazi dute Kontxako Bandera.
Eta arraunlarien artean taldean ez da apenas aldaketarik izan. Bizpahiruk utzi dute taldea eta beste horrenbeste batu gara taldera. Patroi berriak ditugu, hori bai. Nagore Osoro eta Amaia Eguren. Nagore Osoro, adibidez, gertutik ezagutzen dut, Ondarroa eta Tolosan elkarrekin egon ginen. Entrenatzen ikusten ditut taldekideak eta konturatzen naiz sekulako taldetzarra daukagula.
Aurredenboraldian konturatu zara zergatik diren erreferentziazko taldea?
Bai, konturatu naiz, bai. Ez konturatzeko moduan... Hasteko esango dut maila honetan talde guztiek egiten dutela sekulako lana, baina Arraun Lagunakeko entrenamenduak... Gogorragoak dira, luzeagoak, eta pisu gehiago nabil jasotzen, indar ariketa asko egiten dugu. Asteburuetan egubakoitzetan, zapatuetan eta domeketan itsasora sartzen gara, hori ez da askorik aldatu, baina traineruan goazen bakoitzean, kale egin gabe, gure ondoan beti etortzen dira txalupan entrenatzailea, prestatzaile fisikoa eta medikua. Medikua arraunlari guztion bihotz taupadak zaintzen joaten da tablet batean, nor dagoen nekatuta, nor dabilen abiadura horretan joateko zailtasunekin; gutako bakoitza non gauden ikusten du momentuan... Dena dago neurtuta eta ikusten da staff ona daukatela. Beste taldekide bat medikua da, errendimendu emozionaleko kurtso bat egiten dabil, eta hori ere taldean aplikatu behar dugu. Alegia, emozioek ere kirol errendimenduan zer eragin duten landu behar dugu. Eta bestalde, taldean gutxiago izaterakoan uretan ordu gehiago egiten ditugu traineruarekin entrenatzen, horrekin ere asko nabil gozatzen.
Gauza askoren batuketa da, hortan.
Bai. Oso burugogorrak dira lanerako, eta zorrotzak. Eta gainera, igartzen da egiten duten horretan sinistu egiten dutela. Konfiantza handia dute euren buruarengan, azken urteotan banderak jarraian irabaztetik datoz, eta hori ere igarri egiten da.
"Arrauna uztea erabakita neukanean jaso nuen Arraun Lagunaken deia"
Arraun Lagunak moduko talde batendako porrota izango litzateke Euskotren Liga eta Kontxako Bandera berriro ez irabaztea?
Aurrekoan entrenatzaileak esan zigun berak ez digula halakorik eskatu, taldekideok barneratuta daukagun zerbait dela. Egia esan, ez da horretaz berba egiten, gehiago da eguneroko lanean sinistea, horrek eramango gaituelako emaitzak jasotzera. Esango nuke Arraun Lagunakek bere buruaren kontra lehiatzen duela, besteen kontra baino. Eta badakit entrenatzaileak markak izaten dituela kontutan, egiten ditugun denborak, ez horrenbeste ze postutan amaitzen duen taldeak. Oraingoz entrenatzailea pozik dago taldea egiten dabilen lanarekin, baina bai, esango nuke Arraun Lagunakendako porrota dela, esaterako, Kontxako Bandera ez irabaztea, iazko emaitzak ez errepikatzea. Errepikatu, eta ahal dela, hobetu, horretarako gabiltza lanean.
Barneratu duzu non zauden?
Egia esan, ez [Barre]. Anekdota bat kontatuko dizut, oraindik ez dut taldearen elastikoa jantzi –platanitoa esaten diote– eta dagoeneko bateletan lehiatzen hasi gara, gero etorriko dira trainerillak eta udan traineruak. Bada, aurrekoan taldekideak lehenengoz ikusi nituen aldagelan Arraun Lagunaken platanitoa jantzita, eta inpresioa eman zidan, okerreko aldagelara sartuko banintz moduan. "Nik ere horrela jantzi behar dut?" galdetu nion neure buruari, kar, kar. Oraindik ez dut barneratu non nagoen.
Bederatzi urte hauetan pasa zara Kontxan egote hutsa ametsa izatetik berau irabazteko faborito izatera.
"Fisikoki uste dut indartsu nagoela, eta daukadana ematera nator talde berrira"
Bai, hasten naiz pentsatzen eta, sekulakoa da...
Zuenean ere, txirrindularitzan moduan, horren garrantzitsua da watt / kilo harremana?
Garrantzitsua da, baina arraunean aldagai gehiago daude. Batetik, traineruak ez daude eginda emakumezkoendako, horrenbestez, gu ez gara gizonezkoak bezain argal egon behar, gehiago gailentzen da indarra izatea. Itsasoaren arabera, batzuetan komeni izaten da trainerua uretan gehiago hondoratzea, edota haize egunetan indarra izatea gehiago saritzen da... Benetan diotsut, nik ez dakit gainontzeko kirol jardueretan horren emakumezko indartsuak daudenik, baina Arraun Lagunakeko taldekideak ikusten ditut eta... proportzioan gizonezkoak baino indartsuago daude. Gizonezkoek hanka oso finak izaten dituzte, eurek bai zaindu behar dute asko pisua, baina gurean neskek sekulako gorputzak dituzte, bizkarra, hanka indartsuak... Broma gutxi aldagela horretan kar, kar...
Zure kasuan, gehiago zaintzen ari zara aurten?
Ez bereziki. Azken urte hauetan lan handia egin dut eta iaz oso indartsu ikusi nuen nire burua. Aurten orain arte oinarrizko lana egitea tokatu da, entrenamendu aspergarriagoak dira horiek, baina egin beharrekoak, eta orain hasiko gara intentsitatea sartzen, gogortasuna. Bolumen gutxiago egingo dugu, baina intentsitate handiagoa.
Zer ekarpen egin zeniezaioke taldeari?
Bada, ez dakit zer erantzun [Barre]. Esan moduan, uste dut fisikoki indartsu nagoela, eta horrekin batera nire onena emateko gogoz nago.
Ekainean Tolosaldearekin Euskadiko Txapeldun izan zineten, hain zuzen, Arraun Lagunaki irabazita.
Bai, horrek erakusten du hemen denek egiten dutela lan gogor, eta inor ez dela garaiezina. Arraun Lagunakek erakutsi zuen talde onena zela, baina Tolosaldea eta Orio kapaz izan ziren gaur egun nire taldekide direnei aurre egiteko. Gainera, estropada bakoitzean faktore mordoa daude, itsasoaren egoera...
Tolosaldeatik Arraun Lagunakera joan zarelako asko haserretu zaizkizu iazko taldekideak?
Ez, ez, lagun asko utzi ditut han [Barre]. Egia da arraunean ere halako talde aldaketekin haserreak eta halakoak sortzen direla, baina bereziki ezustea hartu zuten arrauna uztera nindoala esan nielako, eta kontua da egia zela. Uste zuten Tolosaldean amaituko nuela kirol ibilbidea, eta baita nik ere, Baina Arraun Lagunaken deia jaso nuenean... Egia esan, hitz onak baino ez ditut Tolosako taldekideendako eta klubarendako.
Eskerrak halako fitxaketetan motibo ekonomikorik ez dagoen, zuenean ez dagoelako dirurik...
Ez pentsa, akaso motibo ekonomikoak baleude jendeak errazago ulertuko zukeen taldez aldatzea, eta ez nituzke horrenbeste azalpen eman beharko.
Bederatzi urte egin ostean, seguru azkena izango dela? Ez da politagoa hamarkadara iristea?
[Barre]. Ez, ez... Asmoa da urte hau Arraun Lagunaken egitea, eta gero arrauna uztea. Urteak daramatzat azkena izango dela esaten, eta begira non nagoen. Kontua da arrauna, maila honetan, ez dela bizitzako gainontzeko gauzekin bateragarria, oso gogorra da, izugarrizko dedikazioa eskatzen du, eta badut beste gauza batzuk egiteko gogoa.
Zabalik utziko dugu, baina, beste urtebete egiteko zirrikitua...
Tira, ez dago %100ean baztertuta [Barre], edo bai... Bai, azkena izango da, kar, kar.
Zer eskatzen diozu urteari?
Pausoz pauso joan nahi dut, eta gauzak lasaitasunez hartu. Iaz ez nuen horrenbeste gozatu, ikusten nuelako oso indartsu nengoela eta ez nuen nahi beste lehiatu. Hamasei estropadatik hamar egin nituen, eta onartuko dizut arantza horrekin geratu nintzela. Aurten, berriz, ikusita zelako taldekideak ditudan, estropada erdietan kanpoan geratzen banaiz ulertu egingo dut. Hori dauka talde onenean egoteak.
Zein izan daiteke estropada bat irabazi izana ospatzeko leku on bat?
Ondarroa.