Novedades zeneko etxeko garajeetarako sarrera Osteta kantoiaren azpitik egitea aztertzeko eskatu dio EAJk udal gobernuari

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko urtarrilaren 28a

Ikerleku zeharbidea, Bergaran.

Bergarako EAJk EH Bilduren Udal Gobernuari egin izan dion eskaera da Novedades zinema aretoa zenaren lekuan eraikiko diren etxeetarako garajerako sarrera ez dadila Ikerleku kaletik izan. Egin duten proposamena da Osteta kantoiaren azpiko pasabidetik garajeetara zuzenean sartzea, eta azterketa "serio" bat eskatu dio udal gobernuari.

Novedades zeneko etxeko garajeetarako sarrera Osteta kantoiaren azpiko pasabidetik egitea aztertzeko eskatu dio Bergarako EAJk udal gobernuari: "Obrak dirauen bitartean, udalak berak berariaz onartzen du, lanek dirauten bitartean, Novedadesera Seminarioko patiotik zuzenean sartuko direla obrako ibilgailuak. Gaur egun bezala, karpak instalatuta jarrai dezake espazio txiki bat okupatuz, eta patioaren erabiltzaileentzako eragin negatiborik eta segurtasun-galerarik gabe". 

Bergarako alderdi jeltzaleak adierazi du udal gobernuak ez dituela aintzat hartu elkarrizketa saiakerak, alternatibak aztertzeko proposamenak eta Hirigintza batzordean egindako planteamenduak: "Azken orduan bizilagunei azalpenak ematen eta errealitatearekin bat ez datozen irtenaldiekin erantzuten dabiltzanak aldaketa eta haren gobernua dira, eta jakina, ez dugu inolako parte-hartze ariketarik ikusi, ez udal barruan, ez herritarrekin hainbesteko desadostasuna eta protesta eragiten ari den gai baten aurrean".

Ikerleku, oinezkoendako lehentasun

EAJk azpimarratu du Novedades kantoia "erabat" txertatuta dagoela bergararren artean, oinezkoentzako lehentasunezko sarbide bezala, Zurradero eta inguru historikoa lotzeko: "Udalak esan arren gaur egun 75 ibilgailu sartzen direla Ikerlekutik, ondo daki, urrutitik ere, trafiko hori ez dagoela pasabide horretan, ibilgailuak erabat mugatuta baitaude. Udal gobernu baten komunikazioan bidezkoak ez diren adierazpen alderdikoiak iruditzen zaizkigu".

Jeltzaleek diote, oinezkoendako ezaugarri "oso egokiak" dituzten oinezkoendako hainbat bide biltzen dituen ardatza dela diote. Gaineratu dute, 2021ean udal gobernuak Bergarako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana esleitu zuela, eta "Mugikortasun Jasangarrian hirigunerako oinezkoen mugikortasuna sustatu behar da, eta oinezkoentzako lehentasunezko ardatzak sustatu behar dira. Auzoen eta erdigunearen arteko lotura eroso eta segurua erraztu behar da. Hain zuzen ere Ikerleku kantoiaren oinezkoen erabilera bermatuz, auzoen eta erdigunearen arteko lotura eroso eta segurua lortzen da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak