Bergara etxebizitza gune tentsionatu izendatzeko eskaera egin du Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko urtarrilaren 23a

Herritarrak Bergarako Bidekurutzeta kalean.

Bergarako Udalak udalerria Etxebizitza Merkatuko Tentsio Eremu izendatzeko eskaria Eusko Jaurlaritzari bidaltzea onartu du eguenean egindako Lurralde Batzordean. Udalak azaldu duenez, neurria azken hilabeteetan egindako "lan sakon baten emaitza" da, eta etxebizitza eskuragarritasuna hobetzeko politika publikoak indartzea du helburu. Eskaera Eusko Jaurlaritzak aztertuko du, eta Udalak iragarri du izendapena onartuz gero, neurriak 2026an martxan jartzen hasi nahi duela.

Azaldu dute, Udalak egindako diagnosiak "argi" erakusten duela Bergarak baldintzak betetzen dituela izendapena jasotzeko. Eman dituzten datuen arabera, azken bost urteetan, alokairuaren prezioa %21,7 igo da, KPIaren hazkundea 5,2 puntutan gaindituz. Gehitu dute udalerrian 790 etxebizitza huts daudela erroldatuta, parkearen %10etik gora, eta horrek eskaintza mugatu eta merkatuaren tentsioa areagotzen duela. "Diagnostikoak beste datu adierazgarri bat ere uzten du mahai gainean: etxebizitza parkea zaharra da, batez beste 47,6 urteko antzinatasunarekin, eta irisgarritasun arazoak orokortu dira eraikin askotan", nabarmendu dute.

Aldagai demografikoei ere erreparatu diete, eta adierazi dute Bergarak %3ko galera izan duela biztanlerian, eta gazteen emantzipazio tasa %32,1ekoa dela. Gainera, bizikidetza unitateak ugaritu egin dira, eta horrek etxebizitza txikien beharra handitzea ekarri duela diote. Udalaren hitzetan, faktore horiek elkar elikatzen dute eta etxebizitza eskuratzeko aukerak zailtzen dituzte, bereziki, gazteen, errenta ertain-baxuko familien eta bakarrik bizi diren pertsonen artean.

Etxebizitza Ekintza Plana

Bergarako Udalak gaineratu duenez, testuinguru horretan kokatu du Etxebizitza Ekintza Plana. Alokairu eskuragarria handitzea, etxebizita hutsak mobilizatzea, parke zaharra birgaitzea eta erakunde arteko koordinazioa indartzea jasotzen ditu bere baitan: "Neurri zehatzen artean daude alokairu babestua lehenesteko planeamendu berriak, Bizigune programaren bidez etxe hutsak aktibatzeko kanpaina sendotua, HGZren errekargu progresiboa aplikatzeko aukera eta Alde Zaharrean eta Osintxun bezalako auzoetan berroneratze integralak bultzatzea".

Udalaren esanetan, gune tentsionatu izendapena "beharreko tresna" da herritarrek etxebizitza duin eta eskuragarria edukitzeko duten eskubidea bermatzeko. "Izendapenak aukera emango luke alokairuaren prezioetan egonkortasuna lortzeko mekanismoak ezartzeko eta, aldi berean, politika publikoak modu koordinatuan eta eraginkorragoan garatzeko".

Eskaeraren aurrean, Gorka Artolak adierazi du argi daukatela izenapenak ez diola irtenbide integralik eskainiko "arazo sakon honi, baina uste dugu erraminta baliagarria izan daitekeela neurri zehatzak bultzatzeko". Gehitu du udal gobernuaren helburua dela Bergara bizigarriago bat denen artean eraikitzea, gazteak herrian bizitzen jarraitu ahal iateko, familiek aukera duinak izateko eta herriak bere nortasuna eta kohesioa mantentzeko.

Eskaria eginda, Eusko Jaurlaritzak udal diagnostikoa, justifikazio memoria eta ekintza plana aztertuko ditu. Izendapena onartuz gero, Udalak iragarri du neurriak 2026an bertan martxan jartzen hasi nahi duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak