Igoera fasetik gertu egon nahi du Soraluze BKEk, derbia irabazita

Julen Murua Mesonero 2026ko urtarrilaren 23a

Iaz Labegaraietan jokatutako derbiko une bat.

Bergararren eta arrasatearren arteko gizonezkoen eskubaloi derbia jokatuko da zapatuan, 20:00etan, Labegaraietako kiroldegian. Sailkapenaren erdialdean daude bi taldeak, eta puntu bakarreko aldea ateratzen dio Soraluze BKE taldeak Arrasateri –12 puntu dituzte bergararrek eta 11 arrasatearrek–.

Garaipenaren bideari eustera

Zumaiko Pulpo taldeari irabaztetik datoz bergararrak. "Garaipen garrantzitsua", taldeko entrenatzaile Joseba Elorzaren esanetan, partidu horren aurreko hirurak galdu egin baitzituzten bergararrek. "Hiru porroten emaitzei begiratuz gero, ikus daiteke punturen bat lortzetik nahiko gertu egon ginela. Baina, tira, ez genuen garaipenik lortu, eta, ikusita sailkapena oso berdinduta dagoela, hiru aste jarraian galtzen duen talde batek behera egiten du sailkapenean".

Derbiak, beti derbi

Arrasaten jokatutako joaneko partiduan 23-23 berdindu zuten, eta, hori ikusita, "intentsitate handiko partidua" aurreikusten du Elorzak: "Intentsitate handia, duelu eta mugimendu asko eta oso partidu berdindua izatea espero dut; derbia izanda, ezingo litzateke beste modu batera izan". Bi taldeek dakite halako partiduetan garaipena lortzeko detaile txikienetan argi egon beharra dagoela, eta, hortaz, Labegaraietan bi puntuak eskuratu nahi dituenak "partidu borobila" egin beharko duela. Lehenengo itzuliko partidua gogora ekarrita, Elorzak dio garaipena lortzeko "orduan baino eraginkorragoak" izan beharko dutela erasoan. Urte bukaerari begira, Elorzak dio taldearen helburua dela "lehenengo sei sailkatuen artean gelditu eta igoera faserako sailkatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak