Hirugarren Mailarako igoera buruan duela hasiko du bigarren itzulia Bergarak

Julen Murua Mesonero 2026ko urtarrilaren 23a

Oier Jauregi, baloia erdiratzeko prest, Mondraren aurkako derbian.

Lehen itzulian 27 puntu lortuta, seigarren postuan daude mahoneroak. Bihar, zapatua, 16:00etan, Elgoibarren bisita jasoko dute Agorrosinen.

Joan den asteburuan Lesakako Beti Gazte taldeari 4-0 irabazita itxi zuen lehenengo itzulia Bergarak, eta, garaipen horri esker, iazko denboraldiko aurreneko hamazazpi jardunaldietako zenbaki antzekoak lortu dituzte mahoneroek; alegia, sei partidu irabazi, bederatzi berdindu eta bi galdu dituzte. Modu horretan, 27 puntu lortuta, sailkapeneko seigarren postuan daude. Bihar, 16:00etan, bosgarren postuan dagoen Elgoibarren aurka jokatuko dute, Agorrosinen.

Helburuak betetzen

Iaz baino jokalari gutxiago ditu esku artean Bergarako entrenatzaile Iker Ruiz de Larramendik, "kontuan hartuta iaz bederatzi jokalari inguruk utzi zutela taldea". Hala, denboraldia hasi aurretik ezarri zituzten helburuak izan ziren "egunerokotasunean lan ona egitea, ondo entrenatzea eta astebururo lehiakorrak izatea". Alde horretatik, entrenatzaile bergararrak dio "oso pozik" dagoela taldeak erakutsitako mailarekin; izan ere, bi partidu galdu dituzte lehenengo itzulian, eta "bi partidu horietan berdintzeko eta irabazteko aukerak" izan zituzten.

Agorrosin, gotorleku

Ez da lan erraza izango bigarren itzulian Bergarara joango diren taldeentzat Agorrosinen hiru puntuak lortzea; izan ere, denboraldiko lehen erdian eta sailkapeneko lehenengo bi postuetan dauden taldeekin batera, Bergara da etxean partidurik galdu ez duen talde bakarra –bost garaipen eta lau berdinketa eskuratu ditu–. Alde horretatik, etxeko azkenengo partiduan bi gol sartu zituen Martxel Olabarrietak dio "etxean oso talde gogorra" dela Bergara, eta "kosta" egiten dela eurei "gola sartzea". Gainera, sailkapenean aurrean dituzten taldeen aurka etxean jokatuko dute bigarren itzulian, eta hori "erronka polita" izango dela dio Olabarrietak.

Hirugarren Maila buruan

Ruiz de Larramendik dio bere buruan badagoela "Bergararekin Hirugarren Mailan jokatzea", eta, helburu horrekin "itsututa ez egon arren, hitzez" adierazten dute jokalariekin daudenean. Era berean, onartzen du "oso zaila" dela mailaz igotzea, eta "gauza asko" egin behar direla ondo, baina uste du taldeak baduela "pauso hori egiteko gaitasuna", eta ez du "sekula ezkutatu taldearen aurrean". Taldea berria ez den arren, jende asko batu zaie aurten bigarren taldetik eta gazte mailako taldetik, eta jokalari horiek hasieran izan zezaketen esperientzia faltari buelta ematea espero du entrenatzaileak bigarren itzulian: "Esango nuke jokalari berriek lortu dutela maila honetara egokitzea urte erdi honetan, eta uste dut taldearen maila igo dezakegula puntu bat gehiago. Hori lortzen badugu, emaitzak hobeak izango dira eta igoera postuak ez dira horren urruti egongo".

 

Lehenengo itzuliaren balorazioa

Iker Ruiz de Larramendi - Bergarako entrenatzailea

"Ez dakit nola definitu lehenengo itzulia. Iruditzen zait ondo joan dela, bi partidu galdu ditugulako, bietan izan ditugulako irabazteko aukerak, eta berdindu ditugun partidu batzuetan ere aukera onak izan ditugulako hiru puntuak lortzeko. Sailkapenean hobeto egon gintezkeela uste dut".

 

Martxel Olabarrieta - Bergarako jokalaria

"Lehenengo itzuli ona egin dugu, baina uste dut merezi izan dugula sailkapenean gaudena baino gorago egotea, erakutsi dugulako zaila dela guri irabaztea. Pena eta amorrua dugu berdindutako partidu batzuk irabazi egin genitzakeelako. Berdinketak garaipen bilakatu nahi ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak