Kartzela zaharrak Egubakoitzak Berreskuratzen ekimenaren beste gau bat hartuko du gaur. 22:30ean hasita, Oñatiko Lee-Kore eta Hondarribiko Horzdun taldeak igoko dira oholtzara. Sarrerak bost eurotan eskuratu daitezke, momentuan bertan.
Antolatzaileek aurreratu dute bi taldeak "oso kañeroak" direla; izan ere, hardcore eta metal doinuek astinduko dute kartzela zaharra. Era berean, adierazi dute "aspalditik" nahi zutela Lee-Kore taldea ekarri. Horzduni dagokionez, hango bateriak beste zenbait talderekin ere jo du aurrez Bergarako gaztetxean. Azaldu dute Armarri taldea ere gaur gauean aritzekoa zela, baina, azkenean, hainbat arrazoirengatik, ez dira kartzela zaharrean izango.
Bira amaiera
Antifa HC birari amaiera eman eta Zauriak lan berria atera aurretik azken bi kontzertu emango ditu Oñatiko taldeak, eta horietako bat da gaur gauekoa. Inoiz ez dute kartzela zaharrean jo, baina ezagutzen dute. "Bisualki leku gordina den arren, eta, akaso, dekorazioa bi taldeok joko dugun musikarekin bat datorren, han egon garenetan jendea eta giro ederra izan da", azaldu dute. Hala ere, aitortu dute lan berrian argitaratuko dituzten kantuak ez dituztela askorik entseatu, eta, "akaso", pare bat joko dituztela iragarri dute.
Sarrerek bost euro balio dute, eta kontzertuaren aurretik erosi ahal izango dira
"Energia eta gogo handiz" datoz Bergarara, eta orain arteko kontzertuetarako erabili duten setlist-aren antzekoa prestatu dute, eta haien diskografia osoaren arteko "nahasketa orekatua" izango da.
Hondarribiko Horzdun metal taldearekin partekatuko dute oholtza, lehendabizikoz, nahiz eta ezagutzen dituzten: "Antzeko musika jotzen dugunez, behin baino gehiagotan egon izan gara haiekin. Elkarrekin inoiz jo ez dugun arren, musika mota honek egiten gaitu lagun, eta plazera izango da".
Askotariko kontzertuak
Musika gustuko duen lagun talde batek osatzen du Egubakoitzak Berreskuratzen, eta ekainean zazpi urte beteko ditu ekimenak. Aurtengo denboraldia urrian hasi zuten, eta ordutik, azken hilabeteetan Wet Cactus, Rodeo, Eraso!, X-at, Victimas Club eta Sermonds taldeak pasa dira hileko egubakoitz batean kartzela zaharretik.
"Estilo askotariko musika taldeak ekartzen ditugu ia hilero. Taldekideok gustu ezberdinak ditugu, eta horren arabera aukeratzen ditugu taldeak", diote antolatzaileek.
Otsaileko kontzertuak
Hurrengo hileko emanaldiak ere lotuta dituzte dagoeneko, eta, aurreratu dutenez, urtarri- lekoa baino kartel "lasaiagoa" osatu dute. Otsailaren 27an, Aretxabaletako Nhil eta Atarrabiako Naxker taldeek emango dituzte kontzertuak, 22:30ean hasita. Sarrerak zortzi eurotan eskuratu ahal izango dira, egunean bertan.