Joan den astetik dago ikusgai Euskadiko Parke Teknologikoak sustatutako Mundua aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak erakusketa Laboratorium museoan. Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako ekintza da, eta otsailaren 15era bitartean zientziaren eta teknologiaren historiako zein egungo erreferenteak ezagutzeko aukera egongo da. Erakusketaren helburua da "askotan ikusezin bihurtu diren lanei balioa eman eta belaunaldi berrientzat erreferenteak sortzea", iragana eta oraina uztartzen dituen ibilbide baten bidez.
Rosa Errazkin Laboratoriumeko zuzendariaren hitzetan, erakusketa hori “Laboratoriumek berdintasunarekin, dibulgazio zientifikoarekin eta hezkuntza- rekin duen konpromisoaren erakusle da”. Emakumeek zientzian iraganean eta egun egiten duten ekarpenari ikusgarritasuna ematea ezinbestekoa dela azpimarratu du.
Tartean, bi emakume bergarar
Erakusketa bi ataletan dago egituratuta: Mundua aldatu zuten emakumeak atalak zientzia eta teknologiaren historian mugarri izan diren emakumeen lana jasotzen du; Mundua aldatzen duten emakumeak atalak, berriz, gaur egun arlo horietan lanean ari diren profesionalen ekarpena nabarmentzen du.
Bigarren atal horretan, herriko bi emakume zientzialari daude: Lorea Manterola (Bergara, 1975), kalitate-kontroleko ikuskatzaile eta biologia molekularrean aditua; eta Uxue Lazkano (Bergara, 1995), biologo konputazionala, hain zuzen ere.
Manterola Biokimikan doktorea da eta azken urteetan terapia genikorako bektore biralak ekoizten dituen Viralgen enpresa farmazeutikoan egiten du lan, kalitate-kontroleko departamentuan eta QC biologia molekularreko lider bezala. Minbiziari lotutako ikerketa proiektuetako ikertzailea ere izan da urte luzez; baita EHUko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko irakasle ere.
Lazkanok, aldiz, Biokimika eta Biologia Molekularra ikasketak egin zituen EHUn, eta Bioinformatikako masterra egin zuen Bartzelonan. 2023az geroztik, CIC Bioguneko Minbizi-zelulen seinaleztapen eta metabolismo laborategia ikerketa-taldeko kidea da eta bertan ari da doktore-tesia egiten.
Emakume Zientzialarien Lehiaketa
Iaz bezala, Emakume Zientzialarien IV. Lehiaketa antolatu du Laboratoriumek Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleendako. Lanak hilaren 31ra arte aurkeztu daitezke, eta sari-banaketa otsailaren 11n egingo dute, museoan bertan.
"Erreferenteak izateko aukera ematen du"

Doktoretza tesia egiten ari da Uxue Lazkano (Bergara,1995), CIC Biogunen.
Zer da zuretzat erakusketaren parte izatea?
Halako ekimenetatik deia jasotzen dudanean poz handia ematen dit, gazteek erreferenteak izateko aukera ematen duelako. Haiek ikustea eurendako ere aukera bat izan daitekeela zientziaren bidea, poz handia da.
Nola aldatzen duzu mundua?
Horretan pentsatzen egon naiz, eta pertsonalki, ez dakit nik mundua zelabait aldatu dudan; baina pentsatzen dut gure lanak inpaktua edukiko duela, batez ere, nire kasuan, minbizia arloan, pazienteek edukiko dituzten tratamentu aukeretan edo haien gaixotasuna ulertzekoa aukeretan.
Erakusketa, jaioterrian.
Oso pozik nago. Bergarakoa naiz bizitza osotik, eta hemen nire lagunak jaio nintzenetik ezagutzen ditut. Ikerlari alderdia haiendako pixka bat ezezaguna da, nahiz eta nire lanaren parte izan edo niri buruz hitz egiten dugun. Emozionantea da niretzat nire familiak eta lagunek ikusi ahal izatea nire lana erakusketa baten. Emozionantea da haiekin joatea ikustera, eta azaltzea nik zer egiten dudan.