Sei eguneko egitaraua antolatu du Bergarako Udalak Aratusteetarako

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko urtarrilaren 22a

Bergarako Irala kalea, iaz, Aratuste-zapatuan.

Urteroko hitzorduarekin, torradak eta pellak egiteko ikastaroarekin, otsailaren 9an murgilduko dira Aratusteetan Bergaran, eta otsailaren 17ra arte sorgin-dantzaz, Bergarako Musika Bandaren eta Bergarako Orkestra Sinfonikoaren kontzertuaz, edota Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.

Dagoeneko prest dauka Bergarako Udalak urteko jairik koloretsuena ospatzeko egitaraua. Aratusteak ospatuko dituzte sei egunez, eta otsailaren 9an egingo dute lehendabiziko ekintza. Gorka Lobato sukaldariaren gidaritzapean, torradak eta pellak egiten ikasiko dute bergararrek, 18:30ean hasita, Gure Ametsa elkartean. Doako ikastaroa bada ere, otsailaren 3ra arte eman daiteke izena. Aurreratu dutenez, gehienez ere 15 lagunek parte hartu ahal izango dute. Bergaran erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute, eta beharrezkoa izanez gero, zozketa egingo dute izena ematen dutenen artean.

Otsailaren 12an, berriz, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako dantzari, txistulari eta trikitilarien laguntzarekin sorgin-dantza egingo dute, 19:00etan hasita, eta dantzari eta musikariez gain, hartza eta domadorea ere ibiliko dira kaleetan barrena. San Martin plazan, Simon Arrietan, Fraiskozurik eta Iralan egingo dituzte geldialdiak. 

Aratusteetako egitaraua

Otsailaren 13tik 17ra –otsailaren 16an izan ezik– ere ekintza ugari antolatu dituzte inauteriez gozatzeko. Honakoa da egitaraua osorik:

Otsailak 9, astelehena
  • 18:30 Torradak eta pellak egiteko ikastaroa. Doakoa. Izena eman daiteke Bergarako Udalaren webgunean otsailaren 3ra arte.
Otsailak 12, eguena
  • 19:00 Sorgin-dantza Bergarako Musika eta Dantza Eskolako dantzari, txistulari eta trikitilariek eskainita. Hartza ere aterako da domadorearekin. Geldialdiak: San Martin plaza, Simon Arrieta, Fraiskozuri eta Irala.
Otsailak 13, egubakoitza
  • 22:30 Bergarako Musika Banda eta Bergarako Orkestra Sinfonikoaren Hala bazan Aratusteetako kontzertua Udal Pilotalekuan. Sarrera: zortzi euro. Sarrerak urtarrilaren 28an jarriko dituzte salgai: 18:00etatik aurrera, Seminarioko leihatilan; 19:00etatik aurrera, Seminarixoko webgunean.
Otsailak 14, zapatua
  • 12:30-15:30 Kale-animazioa Kalean txarangarekin.
  • 18:00 Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen Zerua lapurtu dute ikuskizuna, Udal Pilotalekuan. Sarrera: sei euro.
  • 19:00-20:30 Kans N'Rokers taldearen kontzertua Kruz Gallastegi kale hasieran.
  • 20:30 Erromeria Ostarte taldearekin, San Martin plazan.
Otsailak 15, domeka
  • 18:30 Bergarako Erraldoi eta Txistulari Bandaren kalejira.
Otsailak 17, martitzena
  • 16:30 Musika Eskolako Gazteen Bandaren kalejira, Musika Eskolatik hasita.
  • 17:15 Familiendako erromeria parte-hartzailea Aliritzi taldearekin, San Martin plazan. Euria egiten badu, Seminarixoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak