Mikel Linazisoro: "Ez bazara zoriontsu, zentzua galtzen du; dena ez da kirol errendimendua"

Xabier Urtzelai 2026ko urtarrilaren 23a

Mikel Linazisoro arrokan eskalatzen.

Gogor entrenatzearen ondorioz kirol mailan 2025ean inoizko gorputzaldi onena izatea lortu badu ere, Mikel Linazisorok (Bergara, 2000) ez du Bartzelonan eskalatzaile profesional moduan egin duen urte eta erdi hau nahi beste gozatu. Sant Cugat del Vallesko CAR edo goi-errendimenduko zentroan egon da bizi izaten, entrenatzaile eta baliabide onenak izan ditu eskura, baina garbi egin dio GOIENAri berba: "Etxekoak eta lagunak igartzen nituen faltan, ez naiz hango bizimodura egokitu, eta nazioarteko txapelketetan zama hori nabaritu dut, nahi baino presio handiagoa jarri diot nire buruari, sakrifizio handiegia egiten nenbilela ulertuta. Euskaldunok, onerako eta txarrerako, badugu herri min hori, eta nik sumatu dut". Baltzolatik (Bizkaia) nahi duen hori egitetik bueltan dela erantzun du deia bergararrak, horrenbeste betetzen duen arrokan eskalatzen ibili da, eta pozik sumatzen zaio, azken asteotan hartutako erabakiekin bizkar gainetik motxila handia kendu duela aitortu badu ere. 

Uste nuen dei hau Bartzelonatik erantzungo zenidala. Hankaz gora jarri didazu elkarrizketa osoa...

[Barre] Gabonetan itzuli naiz etxera, ondoren urtarrilean astebete egin dut Bartzelonan, entrenatu egin naiz, lagunak eta taldekideak agurtu ditut eta traste guztiak batuta etxera itzuli naiz.

Eta astebeterako hara joan zarenean, zer esan dizu buruak, etxera itzultzea erabaki ona izan dela?

Bai; garbiago ikusi dut hori. Denbora dezente nenbilen horren gainean hausnartzen, eta pena hartu dut, hori ere egia da, baina Gabonen ostean hara joan naizenean sentitu dut ondo ari nintzela, etxera bueltatzeko ordua zela. Azken batean, garbi dut kirolari denek ez dutela CAR-en egoteko aukera, eliteko kirolari batendako gauza handia dela hor egotea, baina behin erabakia hartuta motxila kendu dut gainetik, ikusi dut zer ez dudan nahi, eta orain, txapelketetan jarraitzeko motibazioa beste nonbaiten aurkitu behar dut. 

"Ez naiz egokitu Bartzelonara; etxekoen eta lagunen hutsunea sumatu dut"

Medikuntza ikasketak amaitu eta eskaladaren aldeko apustua egin zenuen iaz, orduan joan zinen Bartzelonara bizi izatera.

Bai, eta gogotsu joan nintzen, oso motibatuta, lehenengo aldiz burua %100 eskaladan izateko aukera izan behar nuelako. Eta han sekulako taldearekin egin dut topo. Baina gero, hango egunerokoak apur bat ito egin nau. Kataluniako mendietara nahi baino gutxiagotan joan naiz eskalatzera; azken batean, CAR-ek arau zorrotzak ditu, eta normala da, ez dizute halako beka bat ematen nahi duzuna egiteko, baina egin dugun lan handiena lau horma artekoa izan da. Entrenatu eta atseden hartu, eta nik hemen nuen askatasuna igarri dut faltan. Lagunekin eta etxekoekin egon, mendira eskalatzera joan, eskiatu, itsasora joan eta arrantzan egin... Han ezin izan dut halakorik egin, eta konturatzen nintzen ez nintzela zoriontsu. 

Ez da eliteko kirolari bati hori entzuten diodan lehenengo aldia. Urteak pasa dira, baina Maider Undak gauza bera nabarmentzen zuen Oletan baserri giroa utzi eta Madrilera goi-mailako zentro batera joan zenean.

Ez naiz lehenengoa, ez. Azken batean, ikusten duzunean egiten ari zaren sakrifizioa handiegia dela, eman eta kentzen didanaren arteko balantza negatiboa dela...

"Inoiz baino gogorrago entrenatu naiz Bartzelonan, eta igarri egin dut, sasoi oso onean egon naiz"

Eta, hala ere, aipatu duzu inoizko sasoi onena han lortu duzula. 

David Maciarekin entrenatzen, Aberto Gines eskalatzailea ondoan neukala... Halako giro baten zaudenean segituan ikusten duzu aurrerapausoa ematen zabiltzala. Inolako zalantzarik gabe, txapelketak prestatzeko lekurik onena da hura, baina konturatu naiz dena ez dela kirol-errendimendua; egiten zabiltzan horretan ez bazara zoriontsu, egiten duzun horrek zentzua galtzen du. 

Iazko otsailean Santa Linyako kobazuloan bizi izandako 24 ordu ikusgarri haiek erakusten dute esaten ari zarena; alegia, kirol errendimenduan aurrerapausoa ematen ari zinela [Selecció natural (9a) bidea kateatu zuen, haren ibilbideko bosgarren 9a bidea. Rock Fucks (8b+) eskalatu zuen bistaz, eta Fabelita (8c) flash eran].

Sekulako asteburua izan zen, inoiz ahaztuko ez dudana. Egia esan, horrelako gorputzaldian zaudela ikustea ikaragarria da, inoiz nekatuko ez bazina moduan, nahiz eta, tamalez, sasoi puntu horrek gutxi irauten duen; kar-kar.

Mikel Linazisoro, arrokan eta rokodromoan eskalatzen.

Txapelketa mailan, ze balorazio egiten duzu 2025ari dagokionez?

Urte ona izan da, bereziki Espainia mailako txapelketei dagokienez, baina nazioartean hobeto ibili nahi nuen. Espainiako Txapelketan bigarren izan nintzen, Alberto Ginesen atzetik, eta, tira, jakinda Albertok zer-nolako maila duen, hori txapelketa irabaztea bezala da [Barre], eta Espainiako Kopa irabazi dut. Alde horretatik, pozik geratu naiz.  

Nazioartean geratu zaizu arantza?

Bai, han ez dut nire maila erakutsi. Azken batean, Espainiako probetan eroso ibiltzen naiz, gozatu egiten dut eta, nik ondo eskalatzeko gozatu egin behar dut. Europako Kopan sailkapen faseetara lasai joaten nintzen, banekielako aurrera egiteko maila banuela, eta lehenengo sailkatu izan naiz, laugarren... Baina finalak hasten nituenean okertu egiten zitzaidan dena, psikologikoki konturatzen nintzen gauza positiboetan pentsatu beharrean negatiboetan zentratzen nintzela. Pentsatzen nuen bai edo bai txapelketa ona egin behar nuela; izan ere, sakrifizio handia egiten nenbilen Bartzelonan bizita, eta emaitza on batekin justifikatu behar nuen hori. Eta horrekin lortu dudana izan da presioarekin eskalatzea. Aurreko urteotan horren ondo egon gabe beti sailkatzen nintzen 25 onenen artean, eta aurten... Azken batean, bi modu daude halako txapelketa batean eskalatzeko: edo beldur gabe irten eta podiumaren bila joan, edo ez erortzeko mentalitatearekin joan. Eta ni finaletan txip horrekin irteten nintzen, ez erortzera; blokeatuta eskalatu dut.  

"Konturatu naiz nire onena emateko fisikoki bai, baina mentalki ere ondo egon behar dudala"

Eta, orain zein da plana?

Aurreko batean, Carlos Alcarazen dokumentala ikusi nuen, eta bertan Alcarazek kontatzen du gauzak bere erara egin nahi dituela, bestela ez delako zoriontsu. Eta nik ere halaxe egin nahi ditut gauzak, nire martxara. Oso motibatuta nago 2026ra begira, arrokan eskalatu nahi dut betiko lagunekin batera, nire sustraietara itzuli. Espainian eta nazioartean lehiatuko naiz, baina arrokan proiektu politak egiteko gogoz nago, horrek motibatzen nau bereziki. Azken baten, gaztea nintzenean horrek eraman ninduen eskia beharrean [Espainiako txapeldun izan zen] eskalada aukeratzera, eta ilusio eta esentzia horretara bueltatu nahi dut. Eta hori ere garrantzitsua izan da erabakia hartzeko; alegia, indartsu egonda ere psikologikoki ez banago ondo, alferrik nabil. Bestalde, kanpora zenbat eta gehiago joan, orduan konturatzen naiz Euskal Herrian moduan ez gaudela inon.  

Etxera etorrita, eskaladan jarraituko duzu %100?

Bai, bai. Tira, oraingo asteburuan, esaterako, MIReko [BAME, barruko mediku egoiliarra] azterketara aurkeztuko naiz, eta badut ikasten jarraitzeko gogoa. Baina azterketa horretara batere presio gabe noa, azterketa zelakoa den ikustera noa, etorkizunean ondo prestatzeko. Oraingoz, eskalatzen jarraitu nahi dut, baina badakit etorkizunean medikuntzan egongo dela nire tokia; izan ere, horrek ere asko erakartzen nau.

Ez da gutxi. Eliteko kirolari askok hutsune handia izaten dute erretiroa hartzen dutenean...

Hala da, bai. Niri, zorionez, etxean balio onak irakatsi zizkidaten, eta hezkuntza ona eman. Gustura ikasi nuen Medikuntza, eta gustatzen zait ikasi dudana. Orain eskaladaren aldeko apustua egin dut, baina gorputzak maila gorenean eskalatzeko maila galdu dudala esaten didanean beste motibazio hori izango dut. 

"Mendian egoteko gogoz nago, arrokan eskalatzeko, nire esentziara itzultzeko"

Bada, zure ikaskideak, medikuak, grebatan murgilduta daude egunotan... 

[Barre] Bai, egiten dut eurekin berba, kontatzen didate zer-nolako baldintzatan dabiltzan lanean, eta normala da haserre egotea. Nik entzun egiten diet, baina ez dudanez eguneroko hori bizi, hobeto nago isilik. Gauza bat da gaztea izatea eta lanordu mordo bat egiteko gertu egotea, baina ez dabiltza ondo, ordu estra batzuk ez dituzte kotizatzen... Tira, gauza bat da lana bokazionala izatea, eta beste bat da edozein baldintzatan lan egitea.

Eskalatzaile profesionala zaitugu. CAR-a uzteak eragiten du horretan?

Federazioaren beka batekin nengoen Bartzelonan, eta beka horrek hango gastu guztiak ordaintzen zizkidan. Baina diru sarrerak babesleengandik jasotzen ditugu; izan ere, txapelketetatik ere ez pentsa askorik iristen denik. Esaterako, Espainiako Kopa irabazi izanagatik izan dudan diru sarrera izan da zero. Eta lotsagarri samarra da, baina halaxe daude kontuak.

Eta babesleek zer esaten dizute?

Nire babesle garrantzitsuetako bat La Sportiva da, eta badute hartu dudan erabakiaren berri. Esan diet ze asmo dudan 2026 honetarako, arrokan proiektu politak ditudala, eta eurek euren babesa erakutsi didate. Azken baten, babesle batek gura duena da marka ondo ordezkatzea eta oihartzun mediatikoa izatea. Garrantzitsuagoa da Instagramen erakusten duguna txapelketetan egiten duguna baino. 

Zer eskatzen diozu 2026ari?

Arrokan ahalik eta denbora gehien pasatu nahi dut. Txapelketetara joango naiz, baina beste mentalitate batekin, eta uste dut emaitzak ere hobeak izango direla. Eta, horrekin batera, hainbat proiektu erakargarri ditut: batetik, Iñi Ameriketan (9a+) eskalatu nahi dut Baltzolan; eta, bestetik, Katalunian dagoen La Rambla. Umetatik izan dut bide hura begiz jota, eta horretan jardun nahi dut. Egia da inoiz ez dudala gradu horretako biderik eskalatu [9a graduko bost bide eskalatu ditu], baina ez diot horri horrenbesteko garrantzirik ematen, gehiago da proiektu potente bat esku artean izatea, Euskal Herriko bide esanguratsuenetako bat delako. Orain arte egin ditudan bideek ez didate horrenbeste exijitu, eta halako proiektuek eskatzen dute denbora eta energia, eta mendian denbora asko egitea.   

"Goi mailako eskalada amaitzen denean medikuntzan jardungo dut, horrek ere motibatzen nau"

Dena dela, Bartzelonan egindako urte honetan asko ikasiko zenuen...

Zalantza barik. David Maciarekin entrenatzen eta Alberto Gines ondoan izanda izugarri ikasi dut, zelan antolatzen duten dena... Eta hori ere erabilgarria egingo zait etorkizunean ere. Egia esan, 15 urte daramatzat ia egunero entrenatzen, besteak beste Patxi Usobiagaren ondoan, Josean Mulasekin... Onenak izan ditut ondoan, eta bakoitzarengandik gauza asko joan naiz ikasten. Ilusioa egiten dit, esaterako, ostera ere Mulasekin eta betiko jendearekin eskalatzeak. Aurrerantzean, Zubillagako rokodromoan ibiliko naiz asko. 

Katalunian egon zarenenean entrenatu izan zara Patxi Usobiagarekin. Hura izan zen eskalada ogibide bilakatu zuen lehenengoetakoa. 

Bai, geratu izan gara elkarrekin eskalatzeko, hura Katalunian bizi delako. Hain zuzen, hori izan da Bartzelonan faltan igarri dudan gauzetako bat; arrokan gehiago eskalatzea, alegia. Eta Patxirekin egin izan dut berba honetaz guztiaz, ez da egongo hura baino esperientzia handiagoa duenik, eta, askotan, kanpotik zaila da goi-mailako kirolari batek sentitzen duena ulertzea, norbera ez bada leku horretan egon. Ez dago Patxi baino gehiago entrenatu denik, gehiago sakrifikatu denik... Eta alde psikologikotik ere asko ikasi dut harekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak