Aurtengo aurrekontuetarako proposamenak egitearekin batera, Bergarako EAJk adierazi du, udal gobernuak ez dituela bete jeltzaileek iazko aurrekontuetarako egindako proposamenak. "Alkateak ekarpen hauek onartuko zirela esan arren, ez dute ez auto elektrikoentzako errekarga punturik ipini, ez Artzamendiko taludaren garbiketari ekin, besteak beste, eta okerrenetakoa, Agorrosingo bigarren faseari ez diotela hasierarik eman".
Horri gehituz, jeltzaleen esanetan, "proiekturik gabeko aurrekontua" aurkeztu du udal gobernuak; "minimoetako aurrekontua, inolako etorkizuneko proiekturik gabekoa eta giza zerbitzuen aldeko aposturik gabekoa". Era berean diote, "udaletxe bat gobernatzeko garaian, udal aurrekontua da proiektuaren ispilu. Aurrekontua da gobernu batentzat tresnarik garrantzitsuena eta Bergarako EH Bilduren gobernuaren aurrekontuak ez du herriarentzat asmo handiko proiekturik jasotzen".
Proiektuak idazteko eta proiektuak eta alternatibak erabakitzeko unea da jeltzaleen hitzetan, eta azpimarratu dute gaur egun gauzatzen ari diren hirigintzako "obrarik handienak aurreko legealdietatik datozela", hala nola, Barrenkale eta San Martin plazarenak. Novedadeseko obraren harira diote, ez dela "oinezkoengan afekziorik ez izateko inolako alternatiben azterketa idatzirik egin, eta hilabeteak darama EAJko udal taldeak gai honi buruz irtenbide hobeak bilatzeko eskatuz".
Egindako hainbat proposamen
San Joxepeko egoitzaren handitze eta hobekuntza, Agorrosineko bigarren faseko obren eraikuntza, Martoko eta Mintegi-Artzamendiko berrurbanizazioa, Angiozarreko entitate txikiarentzat aholkularitza eta azterketa, deskarbonizazioaren aurkako apustua, inbertsio zehatzak eta eraginkorrak zehaztea proposatu du EAJk, diru partida desberdinen bitartez.
Honekin batera, gazteentzako alokairu baldintzak erraztea, etxe-bizitza berrien inguruan egin beharreko planteamendua arintzea, haurrentzako ziburu eta parkeetan behar bezalako konponketa eta inbertsioak egitea, irisgarritasuna bermatzea herri osoan. Bergararen mugikortasun planaren idazketa egitea ere eskatu du bergararren parte hartze prozesu batekin.
2026rako proposamen zehatzak
Honakoak dira EAJk egindako proposamen zehatzak:
Gizarte zerbitzuak
- San Joxepe egoitzaren berrantolaketa, berritze, handitze aukerak ikusteko proiektuaren idazketa: 50.000 euro.
Kirola
- Agorrosin bigarren fasearen idazketa: 50.000 euro.
Auzoak
- Baserri bideak eta kunetak: auzoei kunetak garbitu eta mantentzeko baliabideak ezarri: partida 260.000 euro.
- Angiozar entitate txiki izendapena betetzeko aholkularitza: 50.000 euro.
Ingurumena
- Ibilgailu elektrikoentzat karga puntuak: 2025erako onartutakoak 50.000 euro gauzatu, eta aurten 3 puntu berri gehitu. 50.000 euro gehiago aurrekontuetan.
Obra eta zerbitzuak
- Ibargaraiko Bus Geltokiko estalpeak hobetu/gehitu: 50.000 euro.
- Artzamendi atzeko maldaren garbiketa sakona (2025eko proposamena, kanpo kontratazioa): 50.000 euro.
Hirigintza
- Mugikortasun planaren idazketa (partaidetza prozesuarekin): partida 50.000 euro. (Hiri Mugikortasun iraunkorreko plana)
- Berrurbanizazioaren hainbat proiektu idazteko:
- Martoko-Zubiaurre: 75.000 euro
- Mintegi-Artzamendi: 75.000 euro
Etxebizitzak
- Gazteendako Alokairuetan laguntzak erraztu: 30.000 euro.
Gazteria
- Haurrentzat jolas parke estalia erdigunean (edota erdigunetik Labegaraietaruntz, Matxiategi-Poligono aldean bi daude): 50.000 euro.
- Txiki-txokoetarako ateen sarrerak txartelen bitartez ipini. 10.000 euro.
Irisgarritasuna
- Irisgarritasuna bermatzeko hainbat lekutan obrak egin (Musika Eskola, Laboratorium, etab.): 60.000 euro.