Hiru jardunaldi garaipena ezagutu barik eraman ostean, gaurkoan, debagoiendarrek ez dute hutsik egin, eta garaipen bikaina eskuratu dute Agorrosinen Lesakako Beti Gazteren aurka. Orain, mahoneroak lau puntu aldea ateratzen diote Beti Gazteri eta Mondra ere –1-1 berdindu dute Arrasatekoek Anaitasunaren aurka– gainditu egin dute Ohorezko Erregional mailako sailkapenean.
Partida ezin hobeto hasi du Bergarak, lehenengo minutuan gola lortzeko aukera ederra sortu baitute ezker hegaletik. Hala ere, baloia kanpora joan da oso gutxigatik. Hiru minutu geroago, neurketako 4. minutuan heldu da 1-0ekoa. Defentsan arriskatzen aritu dira lesakarrak eta Martxel Olabarrietak ez du hutsik egin atezainaren aurrean. Etxekoak nagusi izan dira berdegunean, eta 21. minutuan, 2-0ekoa heldu da, Olabarrietaren oinetatik berriz ere, atezaina buruz burukoan ederki gainditu ostean.
Atsedenaldira partida kontrolpean eraman dute etxeko jokalariek, eta bigarren zatian gauza ez dira aldatu Agorrosinen. Izan ere, defentsan zein erasoan bikain aritu dira mahoneroak, eta Beti Gazte taldearen akats larri bat ederki aprobetxatuta 3-0ekoa jarri du markagailuan Iker Etxanizek. Markagailua are gehiago borobiltzeko, 74. minutuan, Julen Garmendiak 4-0ekoa lortu du korner baten ostean baloia buruarekin sareetara bidali ostean
Mondrak, 1-1
Arrasateko taldeak 1-1 berdindu du gaur, Mojategin, Anaitasunaren aurka. Zuri-moreek sailkapeneko bigarrena jaso dute Arrasaten, eta gutxienez, puntu baliotsua eskuratu dute, sailkapeneko 7. postuan, goiko postuetatik gertu jarraitzeko.
Lehenengo zatian Anaitasuna nagusi izan da berdegunean, eta 30. minutuan 0-1ekoa jarri du markagailuan Hicham Hazin jokalariak. Hala ere, atsedenaldiaren ostean, erantzun bikaina eman du etxeko taldeak, eta Adiran Fernandezek 1-1ekoa jarri du markagailuan 76. minutuan.