2026rako aurrekontu proiektua "herritarren eguneroko beharrei erantzuteko eta Bergara bidezkoago, inklusiboago eta jasangarriago bat" eraikitzeko helburuarekin aurkeztu zuen gobernuak abenduaren 17an. 2026rako kontuek 32.478.099 euroko aurrekontua aurreikusten dute, "zerbitzu publikoen kalitatea eta jarraitutasuna bermatzeko" helburuarekin.
"Kudeaketa zuhurraren" emaitza
Udal Gobernuaren arabera, aurrekontu hauek "kudeaketa zuhur baten "emaitza dira: "Sarrerak egoera errealera egokituta daude, baina gizarte zerbitzuetan, hezkuntzan, kulturan eta zaintzan ez da atzerapausorik izango. Gobernu planak markatutako bideari eusten diogu, epe ertainera Bergararen erronkei erantzuteko oinarriak sendotuz". Orain, oposizioko alderdiekin bilerak egiteko momentua iritsi dela adierazi du ogasun zinegotzi Aitor Aranzabalek. Oposizioaren ekarpenak jasota, neurrien bideragarritasuna aztertuko du gobernuak, aurrekontu proiektura txeratzeko aukerak aztertzeko.
Honako hau gaineratu du Aranzabalek: "Aurrekontuak Bergarako herritarren beharrei erantzuteko diseinatu dira, eta elkarlanaren bidez indartu nahi ditugu. Horregatik, oposizioko taldeekin elkarrizketa irekia eta eraikitzailea mantentzea funtsezkoa izango da. Beste urteetan bezala, gure prestutasuna adierazten dugu neurri horiek modu zintzoan aztertzeko".