Oztoporik Ez! kolektiboak hiru kontzerturekin hasiko du urtea

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 15a

Berandu Baino Lehen hirukotea. Irudia: Berandu Baino Lehen.

Kolektiboaren urteko lehen kartela izango da, eta punk, rock eta pop doinuak nagusituko dira. Izan ere, oholtza gainera igoko dira Debagoieneko Ateri eta Berandu Baino Lehen eta Iruñeko Ajou! taldeak.

Oztoporik Ez! kolektiboak antolatuta, hiru musika taldek kontzertua emango dute bihar gauean Bergarako kartzela zaharrean. Bihar, egubakoitza, 22:00etan izango dira kontzertuak, Bergarako kartzela zaharrean. 

'Zuk zeuk eiñ'

Autogestioan, autosufizientzian eta elkarren arteko antolaketan oinarritzen da Oztoporik Ez! kolektiboa, eta, hain zuzen ere, horrek definitzen du kolektiboak jarraitzen duen Zuk zeuk eiñ! filosofia. 2024ko ekainean sortu zenetik, dozena bat ekimen inguru antolatu dituzte dagoeneko, Jone Albeniz kolektiboko kideak dioenez, "logika kapitalistatik kanpo kokatuta". Hala, kartzela zaharrera eraman dituzte inguruko zein atzerriko talde ugari. "Gure etxetzat daukagu kartzela zaharra. Izan ere, guretzat autogestioa oinarritzat hartuz, lan egiteko leku aproposena da, espazioak berak Zuk zeuk eiñ! filosofia jarraitzen baitu".

Kolektiboak martxan diharduenetik, balorazio "oso ona" egiten du Albenizek. Hala ere, kolektibora "herriko jende gehiago biltzea" gustatuko litzaiekeela azaldu du kideak: "Egiten ditugun ekimenak jende askorentzat erakargarriak izan daitezke. Azken finean, kartzela zaharrean jarrera ona duen edonor da ongietorria". Kontzertu emanaldiez gain, Perlata taldeak zuzendutako Punkaren beste aldea dokumental emanaldia antolatu zuten. Albenizen arabera, "harrera bikaina" izan zuen, eta musikatik haragoko eskaintzak izatea "erronka" bezala hartzen dute kolektiboko kideek: "Musika kontzertuez gain, beste adierazpen mota batzuk ekarri nahiko genituzke, baina gehiago kostatzen ari zaigu".

Hurrengo emanaldiak, lotuta

Biharkoaz gain, ekainera arteko antolaketa "gutxi gorabehera" zehaztuta dagoela adierazi du Albenizek: "Otsailaren 20an Grapa, Perlata eta DJ Lippi izango dira kartzela zaharrean, eta, aurrera begira, aurreratu dezakegun bakarra da bertsio gau bat prestatu nahian gabiltzala. Horrenbestez, ea herriko jendea animatzen den".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak