Amaitu da Jardun Euskara Elkarteak antolatutako Bergarako Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketan parte hartzeko epea. 54 gutun aurkeztu dituzte Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako 27 emakumezkok eta 27 gizonezkok. 20 izan dira parte hartu duten debagoiendarrak; Arrasateko bederatzik, Bergarako bostek, Eskoriatzako bostek eta Oñatiko batek. Esaldi kopuruak gora egin du iaztik, aurten 47 esaldi jaso dituzte.
Jardunetik nabarmendu dute partaideen bataz besteko adina 38 urtekoa izan dela. Horri gehitu diete, 26 urtez azpikoetan emakume gehiagok hartu dutela parte gizonezkoek baino; 6 emakumezkok eta 2 gizonezko. Aldiz, 40 urtetik gorakoen kasuan, alderantziz izan dela, gizonezkoak gehiago izan baitira: 16 gizonezko eta 10 emakumezko.
Sari-banaketa, otsailaren 10ean
Otsailaren 10ean egingo dute sari-banaketa ekitaldia, Bergarako Seminarixoan, 19:00etan. 500 eurokoa izango da lehenengo saria eta 250 eurokoa bigarrena. Gainera, bergarar onenak 150 euro eskuratzeko aukera izango du, eta 1999an edo lehenago jaiotako gutunen artean, 150 euroko saria banatuko da. Lehen aldiz parte hartzen dutenen arteko lan onenak 100 euro jasoko ditu. Azkenik, aurten lehen aldiz, esaldi onenaren saria banatuko da, irabazleak 100 euro jasoko ditu.
Epaimahai nagusiari dagokionez, literatura eta kultura bueltako pertsona ezagunek osatzen dute epaimahaia eta aurtengoan honakoek osatuko dute: Joxe Aldasoro idazlea, Xabi Bandidi abeslaria, Oihana Arana bertsolaria eta Maialen Akizu 2025eko irabazlea.
Epaimahai gaztea, berriz, 26 urtez azpikoen gutunak irakurri eta iritzia emateaz arduratuko da; esaldirik onena eurek aukeratu eta saria banatuko dute. Aranzadi ikastolako Izar Barrutia eta Miren Etxeberria, eta Ipintza Institutuko Adei Garmendia eta Sua Zangituk osatuko dute epaimahaia.
Balorazio "positiboa"
Jardun Euskara Elkarteak jasotakoaren balorazio "positiboa" egin du, baina faltan bota dituzte Nafarroa eta Arabako gutunak. Horrez gain, gazteen parte hartzea baxua izan da aurten: "Bataz besteko adina 38 urte izan arren, 26 urte azpikoen gutun gutxi jaso ditugu eta honek zer pentsatua eman digu" azaldu dute antolakuntzatik.
Aurten lehen aldiz gizonezkoen gutun kopurua eta emakumezkoen gutun kopurua berdina izan da. Edizio honetan jasotako gutun guztiak posta elektroniko bidez jaso dituzte. Lehiaketako helburuen artean, helburuetako bat parte hartzaile berriek parte hartzea izan da eta helburua lortutzat eman dute.