Novedades zeneko etxeko garajeetarako sarrera birplanteatzeko eskatu du berriz ere Bergarako EAJk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko urtarrilaren 13a

Ikerleku zeharbidea, Bergaran.

Bergarako EAJk berriro eskatu dio EH Bilduren Udal Gobernuari Novedades zinema aretoa zenaren lekuan eraikiko diren etxeetarako garajerako sarrera ez dadila Ikerleku kaletik izan. "Alkateak eta bere gobernuak ez diete jaramonik egin EAJren eta Ikerleku zein Iparragirre kaleetako auzotarren proposamenei", adierazi dute jeltzaleek ohar bidez. 

EAJk zehaztu duenez, 2025eko abenduaren 17ko hirigintza batzordean "alternatiben azterketa bat" eskatu zioten EH Bilduri: "Alkateak eta bere gobernuak ez diete jaramonik egin EAJren eta Ikerleku eta Iparragirre kaleetako auzotarren proposamenei, Novedades etxeko garajeetara sartzeko beste irtenbide bat bilatzeko. Proposamen zehatz bat egin genuen azken hirigintza batzordean, sarbide egokiena bilatzeko alternatiben azterketa bat planteatuz, oinezkoen ibilbideetan eraginik izan ez dezan. Bergaran egiten ari diren protestengatik inguruko bizilagunekin bildu ondoren, alkatea erabat itxita agertu zen garajeetara sartzeko beste irtenbiderik proposatzeko, eta administrazio-prozeduretan oinarritu zen esateko dagoeneko ezin dela ezer egin". 

"Ez da derrigorrez Ikerlekutik egin behar"

Jeltzaleek, baina, "guztiz kontrakoa" uste dute: "Novedadeseko etxebizitzak eraikitzeko plan partzialaren arabera, garajeak Ibargarai kaletik sartzeaz hitz egiten du baina ez da derrigorrez Ikerlekutik egin behar. EH Bilduren gobernuak ez du inoiz pentsatu, ezta eraistearekin hasi aurretik ere, herritarrei zerbitzu hobea emateko irtenbide bat ematea. Gai hau oinezkoekiko pasibotasun osoz eta sustatzailearekiko nolabaiteko adostasunez kudeatu da. Alkatea oker dabil; espazio publikoen kudeaketa txarra justifikatzen du, horietatik igarotzen dira-eta Bergarako herritar asko joateko Bidekurutzeta kalera, Munibe plazara, Iparragirre oinezkoen kalera edota Ikerlekuko igoerara".

Bertatik trafikoa igarotzeko erabakia, "arduragabekeria handia"

Izan ere, Bergarako EAJk uste du "arduragabekeria handia" izango litzatekeela "oinezkoendako bidegurutze horretan" trafikoa sartzea, eta honako hau gaineratu dute:  "Ez gaude Novedades kaleko etxebizitzetako garajeen aurka, ezta etxe horretako etorkizuneko bizilagunen aurka ere. Hemen, guztien onerako begiratzen ez duena alkatea eta bere taldea dira, argi ikusten da interes partikularrak dituztela sustatzailearekin, bergararren interes komuna eta, batez ere, oinezkoen segurtasuna zaindu ordez". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak