Buztinezko lanen erakusketa irekiko dute egubakoitzean, Aroztegi aretoan

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 14a

Iazko buztinezko lanen erakusketa Aroztegi aretoan. Irudia: Goiena.

Bergarako Buztinzale Elkarteko kideen lanak ikusgai egongo dira hilaren 16tik 25era bitartean.

Taila Eskolako erakusketatik Buztinzale Elkartearen erakusketara. Datorren egubakoitzean, hilak 16, Aroztegi aretoak ateak irekiko ditu Buztinzale Elkarteko kideen lanak erakusteko. Bertan, elkarteko hainbat bazkidek urtean zehar egin dituzten buztinezko lanak ikusi ahalko dira, eta bai estilo eta bai tamaina aldetik "eskaintza zabala" egongo dela nabarmendu du Amaia Jauregik, Buztinzale Elkarteko arduradunak: "42 bazkide daude, gaur-gaurkoz, baina piezak erakutsi nahi dituztenen lanak bakarrik ikusi ahalko dira erakusketan. Ez baita derrigorrezkoa lanak eramatea. Tamaina askotariko piezak daude ikusgai. Batzuk handiak izaten dira, eskulturak batez ere, eta zabala da eskaintza, baita lanen maila aldetik ere".

Urtero erakusten dituzte buztinezko lanak Aroztegi aretoan, eta elkarteko kideei "ilusio handia" egiten diela adierazi du Jauregik: "Batetik, urtean zehar egiten ditugun lanak ikusteko aukera egoten delako, eta, bestetik, erakusketari esker elkartea ezagutarazten delako". Saioak astelehenero Elkarteko bazkideek Zabalotegiko tailerrean egin dituzte lanak, eta, urriaz geroztik, hasiberrientzako saioak ematen dituzte astelehenero.

Hamabi bat pertsona joaten dira asteleheneko eskoletara, eta gainontzekoak nahi dutenean joan daitezke tailerrera. "Denbora gehiago daramagun bazkideok tailerreko giltzak dauzkagu; beraz, nahi dugunean joan gaitezke buztina lantzera", adierazi du Jauregik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak