Urtea hasi berritan, Ozaeta kalean duen dendan hartu du GOIENA Arelis Sonia Vasquezek (Yamasa, Dominikar Errepublika, 1980) bere bizipenak kontatzeko.
Nolakoa zen zure bizitza hona etorri aurretik?
Landa-eremu batean jaio nintzen. Ez zegoen ezer. Ezzegoen garraiorik, argirik, urik... Eskola bera hainbat kilometrora geratzen zen. 6 urte nituenetik hainbat izebarekin bizi izan naiz,Santo Domingon eta La Vegan. Ondoren, nire ahizparengana joan nintzen, Bonaora, baina ezkondu zenean beste izeba batekin bizitzera joan nintzen. Azkenean, nire gurasoak Bonaora lekualdatu ziren, eta haiekin geratu nintzen, ezkondu arte.
Behin ezkonduta, zer?
Santo Domingora itzuli nintzen. Hiru urtez bizi izan nintzen han, eta ostean, 2004an, hona etorri nintzen.
Zergatik joan zinen?
Nire senarra oso jeloskorra zen; burbuila batean eduki nahi ninduen. Ia ez nuen bizitza sozialik. Egun batean pentsatu nuen handik irteteko aukera izanez gero joan egingo nintzela, eta halaxe egin nuen.
Zuzenean Bergarara etorri zinen?
Bai, nire beste izeba bat bertan bizi zelako.
Bakarrik etorri zinen?
Bai, bueno... [Barre]. Haurdun nengoen, baina ez nekien. Alaba jaiotzerako, lagun batzuekin hartu nuen pisua, eta, bigarren semea izaterako, bakarrik alokatu nuen beste pisu bat. Ordutik gaur arte, bakarrik bizi izan naiz nire seme-alabekin.
Zelan bizi izan zenituen lehendabiziko egunak?
Negar besterik ez nuen egiten. Dominikar Errepublikatik ateratzen nintzen lehendabiziko aldia zen, eta oso gogorra izan zen. Han utzitakoa faltan igartzen nuen, eta une batzuetan itzuli egin nahi nuen. Asko kostatzen da, baina, pixkanaka, jendea ezagutu eta lana lortu nuen.
"Nire herrialdea maite dut, baina nahiago dut hemen bizi, lasaiago nagoelako"
Bergarak eta Yamasak badute antzekotasunik?
Ni iparraldean bizi nintzen, eta han ere halako ingurugiroa dago. Berdea da, ibaiak daude eta hotz eta euri asko egiten du. Hotza ez hemen bezala. Hango hotza hemengo beroa da, agian. Fresko egiten du. Niretzat antzekoak dira.
Ondo hartu zaituzte?
Lana topatzea ez zait batere kostatu. Gainera, oso jende ona ezagutu dut. Ez daukat ezagutu ditudanei buruz ezer txarrik esateko. Ondo integratu naiz. Ditudan lagunek ez naute sekula gutxietsi.
Zailtasunik izan duzu?
Paperik gabe iritsi nintzen. Nire senarrari hiru hilabeterako nentorrela esan nion, oporretara. Azkenean, ez nuen itzuli nahi. Gainera, haurdun nengoen, eta orduan ere ez nuen oso ondo pasa. Gero, alaba bat izanda, ia-ia bakarrik... Lehen urteak oso gogorrak izan ziren. Lau urte paperik gabe egon ginen alaba eta biok. Azkenean, emakume bat ezagutu nuen eta asko lagundu zidan.
Inoiz itzultzea pentsatu duzu?
Semeetako bat izan nuenean, bizitzan aurrera egin ezinda nengoen. Nire seme-alaben aita etorri zen eta harekin itzultzea pentsatu nuen. Nire lagunak, ordea, esan zidan ez joateko. Hara itzulita lehengo bizimodura itzuliko nintzela, eta hemen geratu nintzen.
Damutu egin zara?
Ez; beti esan izan dut nire seme-alabei hemen eman diedan bizimodua han ezingo niekeela eman. Bakarrik egonda ez, behintzat.
Hango ohiturak mantentzen dituzu?
Janaria hango modu berberean kozinatzen dut. Hemengoa ere prestatzen dut, noski, nire seme-alabak jangelara joan izan dira eta.
Zuretzat zer da dominikarra izan baina Bergaran bizitzea?
Nire herrialdea maite dut, baina nahiago dut hemen bizi, lasaiago nagoelako. Hango delinkuentziak beldurtu egiten nau. Han etxean egon eta norbait etxera lapurtzera sartzeak izua eragiten dit. Han parrandan ere kontu handiz ibili behar duzu. Hemen gaueko ordu txikietan kalean egon naiteke eta lasai joan etxera. Nire seme-alabekin ere lasai nago. Han seme-alaba nerabeak badituzu, gainean egon behar duzu. Arrisku handia dago.
Delinkuentzia handia dago?
Bertan bizi denarendako baino gehiago, kanpotik joaten denarendako. Ni hemendik hara joaten banaiz, uste dute dirua daukadala, nire herrialdetik kanpo bizi naizelako.
Zer esango zenioke Dominikar Errepublikatik ateratzekoa den pertsona bati?
Psikologikoki ondo prestatzeko. Oso gogorra da. Hemengo bizimodua azkarragoa eta estresagarriagoa da. Han platanoa eta ura janda zoriontsu zara, beste ezer ez izanda ere; hemen ez.
Izateko erak eta euskara berbagai
Euskaldunak eta dominikarrak nolakoak diren galdetuta, "oso ezberdinak" direla dio: "Han soltura handiagoa daukagu; izateko beste era bat. Han ez gara etxean itxita egoten. Hemen, askotan, bizilaguna nor den ere ez dakizu. Han bizilaguna zure etxean zurekin esertzen da kafe bat hartzeko. Hemengo jendeak sistema bat dauka. Ezagutzen ez zaituztenean ez dute zurekin hartu-eman askorik. Baina ezagutzen zaituztenean, euren zati bat bihurtzen zara".
Euskararen balioa
Euskara ikasten saiatu da, baina adierazi du lanaren eta eskolen ordutegiak ez zirela bateragarriak eta utzi egin behar izan zuela. Hala ere, jendearen elkarrizketak ulertzen ditu. "Euskaldunek bezala ezin dut hitz egin, baina esaldiak, hitz solteak eta agurrak badakizkit. Dendan euskaraz hitz egiten badidate, saiatzen naiz euskaraz erantzuten. Askotan, euskara eta gaztelania arteko nahasketa izaten da. Uste dut euskara ikasteak askorako balio duela. Seme-alabei beti esaten diet ahal duten guztia ikasteko, ez dakigu-eta zertaz biziko garen".