Bien artean egindako Gizaki proiektuaren arrakastatik sortu zen Together get there dantza emanaldia, eta bertan, Ayguadek eta Yoshidak istorio bat kontatzen dute hitz egin gabe, dantza bidez komunikatuz. Dantzariez gain, ikusleak istorioan murgiltzen laguntzen ditu Fermin Izkoren argiztapenak eta diseinuak eta Dodi Beteille soinu-zuzendariaren musikak.
Dantzariek azaldu dutenez, bi pertsonaren arteko topaketa bat azaltzen da ikuskizunean, giza harreman baten oreka eta desoreka; hauskortasunean eta indarrean oinarritzen den lana: "Bi pertsonen arteko topaketa, besarkada bat, elkar sentitzea, hitzik gabeko komunikazioa, biren artean sortutako munduan murgilduta denbora sentitzea. Elkarri sostengua ematea. Luzatu eta gelditu egiten den denbora, inoiz amaitu behar ez balu bezala"
Oholtzaz oholtza
2023an estreinatu zen dantza ikuskizuna, eta, geroztik, Euskal Herriko eta Espainiako zenbait aretotan izan dira Yoshida eta Ayguade, ikusleei bestelako esperientzia bat eskaintzeko.