Donostiako Atano II.a frontoi berezian jantzi zuen txapela, Tolosarekin jokatzen duen Aitor Etxebarria pilotaria finalean 22-15 menderatuta. Egun seinalatuan, senitartekoen babesaz gain, kuadrillakoena ere izan zuen harmailetan, Egurra Etxabe zioen pankarta eta guzti. Badaki "oso zaila" izango dela, baina profesionaletan lehiatu ahal izatea da haren ametsa.
Txapela batekin hasi duzu urtea, Gipuzkoako eskuz banakako txapeldun. Urte hasiera ederra, ala?
Urtea ezin hobeto hasi dut, buruz buruko Gipuzkoako txapela jantzita. Finalerdia irabazi eta finalerako sailkatu nintzenean erabaki nuen Gabonetako parrandak albo batera uztea eta txapelketa irabazteko ahaleginetan zentratzea.
Nola joan zen Aitor Etxebarriaren aurkako finala?
Partidua hasi aurretik sentitu nuen irabazi egingo nuela, frontoira konfiantza handiarekin irten nintzen. Konfiantzarekin bai, baina burua ahalik eta hotzen izaten saiatzen; beti dago aukera partidua galtzeko, baina sentitzen nuen nire ohiko maila emanda txapela janzteko aukera handiak nituela. Sakez min handia egin nion Etxebarriari, hasiera-hasieratik. 11-0 hasi nintzen, eta esan daiteke partidu osoan nik eroan nuela agintea.
Txapela nori eskaini nahi zenioke?
Hasteko eta behin, familiari, beti hor daudelako. Finalean, gainera, aitona-amonak eta osaba ere egon ziren... Senitartekoez gain, kuadrillako lagunentzat ere bada txapelaren zati bat; finalera etorri ziren, pankarta eta guzti, zarata apur bat ateratzera. Asko eskertu nuen lagunen berotasuna. Ezin dut askoz gehiago eskatu, egia esan.
Urtea ezin hobeto hasita, ze beste helburu zehaztu dituzu 2026rako?
Eguneroko lanean jarri nahi dut arreta, hori da-eta gakoa. Naiaran (Errioxa) jokatzen den lau eta erdiko torneo berezi bateko finalerdiak jokatuko ditut asteburuan; txapelketa horretara begira nago orain buru-belarri.
Lau eta erdikoa aipatu duzu. Gustura ari zara kaiolan?
Bai, gustatzen zait. Kaiola beti da berezia. Izan ere, buruz buru lehiatzea nahiago izaten dut bikoteka lehiatzea baino.
Pilotari bezala zein da zure alderik indartsuena? Eta punturik ahulena?
Sake oso indartsua daukat eta bereziki eskuinarekin abiadura handia ematen diot piloari. Bi paretak egiten ere trebea naizela esango nuke. Eta punturik ahulena? Ba, pilotari gehienoi bezala, paretatik gertu ezkerrarekin atera beharreko pilotak eroatea zail egiten zait, nahiz eta urtez urte hobetzen noan.
Zein litzateke zure ametsa?
Profesionaletara heltzea. Badakit oso zaila dela, baina hori dut buruan pilotan hasi nintzenetik, 5 edo 6 urte nituenetik. Lehen erronka lortu dut, behintzat, Gipuzkoako txapeldun izatea.
