Noiz hartuko duzu erretiroa?
71 urte ditut, eta nire asmoa da 2026an zehar amaitzea; emaztea apirilean da erretiratzekoa, eta orduan erretiratuko naiz ni ere. Hori bai, apiriletik aurrera negozioa hartuko duen gazteak nire laguntza beharko du, seguruenik.
Erreleboa bermatuta dago, beraz?
Oraindik ez dugu sinatu, hemen diru asko dago. Baina bai, ilusioz eta gogotsu dago; hasita dago dendara etortzen ogibidea ikasteko, eta 2026an zehar nire ondoan egon nahi du. Hori oso pozgarria da. Bestalde, gaizki-ulertu bat egon da: 400 metrora dagoen negozioak bai utziko du, eta bezero batzuen artean zabaldu da nire denda itxi egingo dela. Kontua da Bergaran bi negozio geundela, eta erretiroagatik itxi dena bestea izan da, ez nirea.
Zubiaurren ireki zenuen lehen denda, 1979an, eta gaur egun Labegaraietan zaude. Badira urte batzuk.
Urte asko dira, bai. Aspalditik ezagutzen dut sektorea, eta esan daiteke badaukadala izen bat; hau da, Espainiako edozein etxetako edozein makina eskatuz gero, hurrengo egunean hemen izaten dut. Hori ez da ordaintzaile txarra izanda lortzen... Bestalde, gogoan dut desbrozadorea edo sasi-garbitzeko makina Euskal Herrira ekartzen lehena izan nintzela, Diputazioarekin eta basogintza arloko elkarteekin erakustaldi batzuk egiten hasi ginela. Orain oso gaztea naiz, baina gazteagoa nintzenean [Barre] asko mugitu nintzen. Saltsan ibiltzea beti gustatu izan zait.
"Erretiratu ostean, autokarabana eta motorra hartuta mundu ezagutu nahi dut"
Kamioi batekin ere ibili izan zara zure negozioa ezagutzera ematen...
Halaxe da, bai. Kamioia ireki eta denda bat nuen barruan, eta halakorik ez zegoen orduan. Duela urte batzuk saldu nuen kamioia. Eta garai baten hainbat azokatara joaten nintzen urtero; egia esan, azokak ez ziren saltzeko zitak izaten, baizik eta ezagutzera eman eta harremanak egiteko hitzorduak. Eta horregatik naiz gaur egun horren ezaguna sektorean; ahoz ahokoak agintzen du hemen ere. Orain, baina, erritmo lasaiagoan nabil.
Zure ogibidea pasioz bizi izan duzu?
14 urte nituenetik nabil mundu honen bueltan. Aita arotza nuen, eta umetan galdetu zidanean –sei anai-arreba izan gara– zer gustatzen zitzaidan esan nion motorrak asko gustatzen zitzaizkidala, eta tailer baten sartu ninduen. Garai hartan kobratzen nuena propina bat zen. Lehen motorra 16 urterekin erosi nuen, moto-krosean lehiatu izan naiz... Hau da, motorrak eta makinak zaletasun izan ditut oso txikitatik. Horregatik erabaki nuen lehen sektoreko makineriaren sektorera jauzi egitea... gaur arte.
Eta pasio hori dendako mostradorean ikusi izan du bezeroak.
Argi dagoena da herritarrari begira lanean dagoen saltzaileak ez badu jarrera egokirik, hitz-jariorik eta irribarrerik, negozioa nekez izango dela emankorra. Urte asko egin ditut, eta funtzionatu du; esan daiteke, beraz, zerbait ondo egingo genuela...
Baserritarrak dira zure bezero nagusiak. Nolako bezeroak dira?
Oso bezero onak dira; oro har, leialak eta oso eskertuak. Eta bai, baserritarrak dira nire bezero gehienak; izan ere, bailara honetan ez dago txalet askorik. Urteen poderioz, bezero gehienak oso ondo ezagutzen ditut, eta, beraz, konfiantza handia daukat eurekin. Batzuk zirikatu ere egiten ditut; kanpotik ikusita, akaso, arraroa ere izan daiteke [Barre]. Urte asko dira; kasu honetan, onerako.
Zein izan da, zure ikuspegitik, sektore honen bilakaera?
Ez dira garai onenak. Garai batean heldu ginen urtean 500 motozerra ere saltzera; orain zifra horretara heltzea pentsaezina da. Eta, dendei dagokienez, gero eta gutxiago gara; esan dizut nire bizilagunak ere itxi egin duela, Oñatiko dendak ixteko asmoa dauka, Legazpikoak ere bai... Eta kasu horietan ez dute erreleborik; beraz, geratuko garenontzat bezero gehiago ere izango dira.
Eta erretiratu ostean zer?
Motorra izan da nire bizitzako zaletasun nagusia, eta orain arte ez dut zaletasun horretaz behar beste gozatu, denbora faltagatik. Beraz, erretiratu ostean, autokarabana eta motorra hartuta mundua ezagutzeko asmoa dut; betiere, emaztea bidelagun dudala.