Gizarte Zerbitzu berriak apirilean martxan nahi dituzte, San Martin plazako Biltoki zaharrean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko urtarrilaren 9a

Biltoki zaharra, eguazten arratsaldean.

2025a bukatzear zela, abenduko bigarren astean, hasi ziren lanak San Martin plazan kokatuta dagoen Biltoki zaharrean. Udaleko Gizarte Zerbitzuak kokatuko dituzte bertan eta aurreikuspena da apirilean martxan izatea. 

Bergarako Udaleko Hirigintza zinegotzi Markel Azkargortaren arabera, lanok bost hilabete irautea aurreikusten dute: "Dena ondo bidean, lanak apirilerako amaituta egongo dira. Gero, denbora tarte bat beharko da lokal berrituan bulegoak egokitzeko eta martxan jartzeko, baina lan horiek ez dute luze joko. Hainbat egokitzapen lan egingo dira, beste banaketa bat, bulegoak eta bilera gelak sortzeko, herritarren arretarako espazio erosoa diseinatzeko eta komunak irisgarri egiteko". Proiektua Biark Studio enpresak idatzi zuen eta Goitu Eraikuntzak enpresa ari da hori exekutatzen, 566.476 euroko aurrekontuarekin –BEZa barne–.

Biltoki zaharra, obrak hasi berritan.

Udaletxeko leku faltagatik

2025eko maiatzean eskuratu zuen Udalak Biltoki zaharra. "Udaletxe barruko espazio faltak eraginda, lokalaren erosketa gauzatu aurretik ere hausnarketa eginda genuen. Aukera egingarri moduan ikusi zen Biltokikoa, udaletxetik gertu eta erdigunean kokatuta dagoelako; azterketa egin ostean erabaki zen bertan martxan jartzeko zerbitzu egokiena Gizarte Zerbitzuak zirela", dio Azkargortak. Apiriletik aurrera zerbitzu hobea emango dutela espero du Udal Gobernuak: "Herritar asko joaten dira Gizarte Zerbitzuetara, eta lokal berrituan gaur egun baino arreta hobea emango zaiela iruditzen zaigu. Irisgarriagoa izango da, eskuragarriagoa, eta, horrekin batera, herritarrari gertutasun handiagoa izango duen zerbitzua ematea ahalbidetuko du".

2025eko maiatzean erosi zuen Udalak Biltoki zaharra; gero erabaki zen Gizarte Zerbitzuak eroatea

Beste erabilera batzuk

Biark Studio enpresak idatzitako proiektuak aukera emango du Gizarte Zerbitzuen bulegoak modu estankoan ixteko, eta, bulego ordutegitik kanpo, asmoa da harrera lekua eta bilera gelak herritarrek erabil ditzaten egokitzea; hau da, bilera txikiak egiteko, atsedenerako leku bezala edo, azken urteetako ekimen bati jarraiki, babesgune klimatiko moduan.

Hain zuzen ere, 2024ko eta 2025eko udetan babesgune klimatiko moduan erabili ahal izan zen Biltoki zaharra, Udal Gobernuak iazko kanpainan onartu bazuen ere ez direla "askorik" erabili. Udara begira larrialdi klimatikoak eraginda beharra egongo dela sinistuta, Udal Gobernuaren asmoa da Gizarte Zerbitzuak martxan izanda ere 2026ko ekainaren 1etik irailaren 30era Biltoki zaharra beroaldiei aurre egiteko babesgune bezala erabiltzeko aukera irekita mantentzea. Kasu horretan, babesgune itxietako bat izango litzateke; alegia, klimatizazioa duten lekuak eta ura edota komuna bertan edo gertu dituztenak; adibidez, azken bi urteotan horretarako egokitu dituzte Biltoki zaharra bera, Martokoa eta Zabalotegiko herritarren txokoak, Agorrosingo yoga gela eta eta Labegaraietako kiroldegiko kirol elkarteen gela.

Osintxuko Txuringo ere babesgune itxietako zen baina lokala berritzeko lanak amaitu ostean lokalaren kudeaketaz arduratuko den interesaturen baten zain daude auzotarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak