Formakuntza antiarrazista Bergaran, Ndank Ndank elkartearen eskutik

Eki Letona Erretolatza 2026ko urtarrilaren 8a

Ndank Ndank elkarteko kideak saio batean. (Argazkia: Ndank Ndank)

Ndank Ndank elkarteak bi formakuntza saio antolatu ditu Bergaran. Horien helburua da arrazakeriaren aurrean eguneroko praktikak berrikustea, zalantzan jartzea eta eraldatzeko tresnak eskaintzea. Haien esanetan praktika horiek beharrezkoak dira "geroz eta polarizatuagoa den eta diskurtso arrazistez betetzen ari den gizarte honetan".

Senegaldarrez eta euskaldunez osatutako elkarteak, bi komunitateen arteko elkarrekintza eta komunikazioa bultzatzen du, arrazakeriaren aurka agertuta eta kulturartekotasunaren aldeko balioa aldarrikatuta: "Ez da erru kontua, ardura kontua baizik. Gizarte justuago eta berdinzaleago bat eraikitzeko, ezinbestekoa da norbere pribilegioak eta ohiturak aztertzea, eta ekintzara pasatzea".

Mozorroen bueltako hausnarketa

Inauteriei buruzko formakuntzak jaiaren izaera soziala eta kulturala aztertzea du helburu, "ohiturek eta irudiek zer transmititzen duten hausnartuta". Hala diote elkartetik: "Mozorroek, pertsonaiek eta irudikapenek askotan estereotipoak edo diskriminazioak errepikatzen dituzte, nahi gabe bada ere. Saioak aukera emango du hausnartzeko nola bizi eta ospa ditzakegun inauteriak errespetuz, inklusiboki eta kontzienteki, aniztasuna ospatuz eta inor baztertu gabe".

Urtarrilaren 17an egingo dute lan-saio hori, 11:00etan, Bergarako Irizar jauregian. Vorigi Vita aktibista antiarrazistak emango du Inauteriak guztiontzat: arrazakeria gabeko jaiak hitzaldia.

Hezkuntza antiarrazista hausnartzen

Bigarren formakuntza saioa, urtarrilaren 31n egingo dute Bergarako Seminarixoan; 10:00etatik 13:30era izango da. Orduan elkartuko dira Amaia Jackson, Leyao Rovira eta Hajar Samadi eta arrazakeria izango dute hizpide. Ondoren, Elene Mengyu Larrinagaren Hogeitabat film laburra proiektatuko da.

Formakuntza hori hezkuntza komunitateari zuzenduta dago: gurasoei, hezitzaileei, irakasleei eta aisialdiko eragileei. "Hitzaldiaren abiapuntua da guztiok hezi gaituztela gizarte arrazista batean, eta, ondorioz, denok daukagu zer ikasi eta zer desikasi", adierazi dute.

Egunerokoan agertzen diren diskurtso arrazistak identifikatuko dituzte, baita horiei aurre egiteko estrategia pedagogikoak ere; hau da, "pentsamendu kritikoa, enpatia eta justizia soziala" landuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak