Atzotik urtarrilaren 11ra arte Bergarako Taila Eskolako kideen lanak ikus daitezke Aroztegi aretoan. Egurrezko koadroez gain, eskulturak ere jarri dituzte 54 piezako bilduman. Gainera, Antzinako lanak deitutako txoko bat ere jarri dute. "25 urte edo gehiago dituzten lanen txokoa da. Nolabait ikusteko lehengo lanek eta gaur egun egiten ditugunen eboluzioa", dio Bergaratako Taila Eskolako lehendakari Iñaki Osak. "Beti entzun izan ditut lehengo maisuak, lehengo artistak bazituztela hainbat lan eta haiena ere bada erakusketa. Omenaldi txiki bat egin nahi izan diegu", gehitu du.
Taila Eskolako ateak zabalik
Gaur egun 26 bazkide eta hiru ikaslek osatzen dute Bergarako Taila Eskola. Osak adierazi du jarduera "oso librea" dela: "Bazkide bakoitzak du lokaleko giltza, eta, orduan, nahi dutenean egiten dute sartu-irtena. Ez dago inolako ordutegirik, ez dago inolako konpromisorik. Berriak direnek tutorea izaten dute, eta horiek geratzen dira astean behin, gutxienez, elkarrekin lan egiteko eta dituzten zalantzak maisuarekin partekatzeko".
Taila Eskolara batu gura duenak elkarteko kideren batekin harremanetan jarri besterik ez du. Haiek arduratuko dira lan egiteko modua eta lokala erakusteaz. Hilabeteko froga-denbora pasata interesdunak gustuko izanez gero, ikasle izatera pasatzen da eta hortik aurrera, maisuarekin elkartuko da eta halaxe egingo du lan urtebetez. Ostean, izango du aukera bazkide izateko.
Urtarrilaren 11ra arte ikusgai
Hilaren 11 egongo da ikusgai erakusketa Aroztegi aretoan. Honakoa izango da Aroztegiko ordutegia: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatutan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30 eta domeka nahiz jaiegunetan, 12:00-14:00.