Urteroko hitzordua: Gabonetako 3x3 txapelketa

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko abenduaren 27a

Lau kidez osatutako 32 taldek hartu dute aurten parte, 3x3 saskibaloi txapelketan. Goizetik hasita, giro ederra izan dute Bergarako pilotalekuan, txapelketatik harago, saskibaloia sustatzea helburu izanik. 

Egutegian urtero markatutako eguna izaten da 3x3 saskibaloi txapelketarena, eta aurten ere ez du hutsik egin. Gabonetako oporraldia baliatuta, saskibaloia ardatz,  dozenaka jokalari elkartu dira giro herrikoian. Guztira, 32 taldek hartu dute parte txapelketan, bakoitza lau jokalarik osatua, eta horrek 120 neska-mutil ingururen parte-hartzea ekarri du. Adinaren arabera antolatuta, benjaminen mailan talde mistoak osatu dira; alebinetatik aurrera, aldiz, neska eta mutilak banatuta aritu dira, txapelketak ere bereizita jokatzen dituztelako.

Antolakuntzak argi utzi du helburua ez dela lehiaketa hutsa edo garaipena lortzea. Gabon garaian saskibaloiaz gozatzea, kirola herrira zabaltzea eta taldearen balioak transmititzea dira oinarriak. Horren adibide da talde bakoitzak gutxienez lau partida jokatu behar izatea, irabazi ala galdu.

Txapelketak izaera herrikoia du  eta  bertako jokalariek soilik hartzen dute parte, ez dute kanpoko talderik ekartzen. Klubeko kideez gain, taldearen parte ez diren lagunak ere aritu dira, eta antolakuntzak horrela izaten jarraitzea nahi du etorkizunean ere, neska-mutilak saskibaloira erakartzeko helburuarekin. Zuzendaritza batzordearen begirada etorkizunean jarrita dago: kluba hazi eta saski-eskola indartzean. Txema Aragones, zuzendaritzako kideak adierazi du: "Gaur egun elkarteak 160 neska-mutil inguru ditu, eta erronka polita litzateke datozen urteetan 200era iristea".

Arratsaldeko bostetatik aurrera, kategoriaka sailkapenak egin eta finalaurrekoak eta finalak jokatu dira, egunari amaiera borobila emanez. Gainera, sari ugari banatuko dituzte, ia parte-hartzaile guztientzat, eta babesleen laguntzari esker, afari bat ere eskainiko dute kadete mailako irabazleentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak