Atzo egin zuen urteko azken ohiko osoko bilkura Bergarako udalbatzak. Zazpi puntuko bilkuran onartu zuten Barrenkalea kaleko 8. zenbakiko lokala 46.264,80 eurotan erostea. Bestalde, Bergarako Udaleko 2025. urteko ordainsariek %2,5eko igoera izango dute.
Bestalde, Jose Antonio Aperribairen landareen herbario bilduma dohaintzan jasotzea onartu zuten. Milaka landareen herbarioa eman dio dohaintzan Bergarako Udalari betirako. Gorka Artola alkateak eskerrak eman zizkion Jose Antonio Aperribairi urte guztietan egindako lanagatik eta Laboratoriumeko bilduma osatzeko aukera emateagatik. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteari ere eskerrak eman zizkien bilduma horretan zeharka egindako lanagatik, eta bilduma digitalizatzeagatik.
Roberto Izagirreren erretiroa
Bergarako Udaleko atezain Roberto Izagirrek erretiroa hartuko du astebete barru. 25 urte eman ditu lan horretan eta udalbatzako ordezkariak eskertuta agertu ziren urte hauetan guztietan egindako lanarekin. "Badira hiru bat hilabete hemen osoko bilkuren aretoan oso presente egon zen Kontxi Ugalde idazkaria jubilatu zela. Gaur, Roberto Izagirrek, atezain bezala, mende laurden inguru pasa ondoren, azken plenoa izango du eta berari eskerrak eta bide ona opa nahi dizkiot. Aipatzeke laga barik, aurten, joan den astean egin genuen ekitaldia urtean jubilatu diren udal langileei aitortza egin eta agurra emateko eta 17 udal langile erretiratu dira. Bada adierazle udal-administrazioak eta administrazioak orokorrean edukitzen ari diren erreleboarena. Horretan ere, egindako lana aitortzea eta erreleboa bideratzen asmatzea", zioen Gorka Artola alkateak pleno amaieran.
EAJko bozeramaile Mikel Letek ere hartu zuen hitza eskerrak emateko Roberto Izagirreri: "Gure taldearen eta aurreko taldeen izenean ere, Roberto, urte asko pasa dituzu hemen eta eskerrak eman egindako lanagatik eta hemendik aurrera ere ondo bizi".