Ligaxkatik hasi eta finalera arte, partidu guztiak irabazi ditu Maddi Barrocalek lau eta erdiko txapelketan. Urriaren 25an hasitako torneoari ginga jarri dio gaur, haren urtebetetze egunean, hain justu. Eroso mugitu da kantxan eta Leire Oskoz lanztarrari bost tanto bakarrik utzi dizkio egiten. Txapela irabazi berritan, Barrokalek adierazi du "gaur jokaldi guztiak" atera direla. Garrantzia eman dio aukeratu duen pilotari: "Biziena hautatu dut, Leire mugiarazteko. Asmatu dut, zailtasunak izan baititu defentsan".
Merezitako txapela lortu duela gaineratu du Barrokalek: "Maila altuan ibili naiz txapelketa guztian zehar; lan handia egiteak fruituak ekarri dizkit, asko entrenatu baitut torneo hau prestatzeko".