Egubakoitz iluntzean, 20:00etan, egin zuten bigarren aldiz Algaraka saioa Bergarako Seminarixoan. Aurten ez da lehiaketa izan eta sei lagunek hartu dute parte: Bergarako Asier Kortabarria 'Asier K' –berak gidatu du saioa–, Bergaran bizi den Maria Blanco zestoarra, Ane Lindane aktore eta umorista bilbotarra, Altsasuko Inixio Amillano, Lazkaoko Elisabet Mejuto, Mitxel Martinez debarra eta Bergarako Usue Aspiazuk.
Azken horrendako lehen aldia zen, atzora arte ez zuen inoiz bakarrizketa saiorik egin oholtza gainean, ahizparen eta lagunen aurrean bakarrik: "Hasieran komentatu nuen ideia etxekoekin eta ingurukoekin, baina gero lagunek ere esan zidaten sorpresa izatea nahi zutela, eta sorpresa izan da eurendako ere". Korrikalariak izan ditu hizpide Aspiazuk, eta bergararrak, orokorrean, Maria Blancok: "Gauza asko daude Bergaran kontatu daitezkeenak, eta horri heldu diot, bai. Mundiala izan da". Asier Kortabarriarendako ere "oso polita" izan da saioa: "Diziplina honetan balioa duena da jendearen erantzuna, hori bilatzen dugu oholtza gainekook".
Jardun Euskara Elkarteak, Goiena Komunikazio Taldeak eta Bergarako Udalak elkarlanean antolatu dute Algaraka Bakarrizketa Gaua. "Gozatu dugu eta antolatzaile moduan, uste dugu bete direla helburua. Adin eta leku ezberdinetako jendea bildu da eta euskaraz disfrutatu dugu", zioen Jarduneko Nerea Mendizabalek saioaren amaieran. Bergarako Udala ere pozik, aretoa beteta ikusita: "Algaraka egitea zen helburua, eta ikusi da lortu dela, Seminarixua bete egin da eta herritarrek eskertu dute euskara eta umorearen konbinazio hau".