Azoka, menu eta zita bereziak Bergaran ere, Gabonez gozatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko abenduaren 19a

Olentzero eta Mari Domingi iaz Boluko frontoian, ume batekin; Bolura abenduaren 23an jaitsiko dira aurten, kalejiran (18:00.)

Gabonetako egitarau oparoaz harago, Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoak gertu daude urteko egunik lanpetuenei aurre egiteko; txikienek aukera dute oraindik oparietarako gutunak uzteko. 

. Hasi dira urteko egunik lanpetuenak Mari Domingirentzat eta Olentzerorentzat, eta horren seinale da eguaztenean Oxirondon jaso zituzten gutun guztiak. Abenduaren 23an berriz jaitsiko dira, kalejiran, Aranerreka kaletik Boluko frontoiraino (18:00); eta abenduaren 24an, berriz, San Martin plazan (12:30), udaletxeko atarian (18:00) eta Osintxun zein Angiozarren ere egongo dira. Angiozarren kantu-jira (09:00), herri bazkaria (15:00), Arbiaska aretoan ipuin kontaketa (18:30) eta gutuna gozokiaren truke ematea antolatu dituzte (19:00); Osintxun, menditik jaitsi eta auzoko zubian egingo dute bat umeekin (19:00). 

Azoka eta menu bereziak

Gabonetako erosketa bereziak egiteko azoka berezirik ez da faltako; azoken artean, adibidez, bihar goizean egingo da San Antonioko Nafar Feria. Gure Ametsa elkartearen ekimenez, Nafarroako ekoizleen askotariko produktuak erosi ahalko dira: El Bordon etxeko hestekiak, Cascanteko monasterioko pastak, Tafallako Garrarte etxeko gozoak, Baigorri eztia, Katealde etxeko foiea eta bestelako ahate-produktuak, Kabila Eneako gazta, txokolateak, askotariko kontserbak... Azokaz gain, txistulariak (10:30), erraldoiak (10:30) eta Jon, Jaione eta haien seme-alaben kontzertua (13:00) izango dira; goiz osoan taberna egongo da, eta baita erraldoien gunea eta errekortadoreen eskola zein poneyak. Gainera, patatak saiheskiarekin egiteko sukaldaritza lehiaketa ere antolatu dute, Udapa patatarekin. Honako elkarte hauek hartuko dute parte: Umore-Ona, Artatse, Lasai-Toki, San Migelpe, Gure Ametsa, Sagarpe, Madura eta Altzasu. 12:00etatik aurrera, patatak azokako produktuen erosketa-bonuak aurkezten dituztenen artean banatuko dira, agortu arte.

Napar Feria, iaz. 

Menu berezietarako aukeren artean, Elikaeneak eskaintza berezia indartu egin du egunotarako. "Mimoz" prestatutako hasierako eta bigarren platerak eska daitezke; abenduaren 24rako eskatzeko azken eguna abenduaren 22a izango da, eta abenduaren 31rako eskatzeko azken eguna, berriz, abenduaren 29a. Horrez gain, saski pertsonalizatuak ere eska daitezke: info@elikaenea.eus edo 681 66 08 63.

Bedelkarrekin, hizkia aurkitzera

Gabonetako erosketak herrian bertan egiteko aldarrikapenari eutsiz, urtarrilaren 5era arte iraungo duen Bedelkarren Gabonetako kanpainan 3.000 euro banatuko dituzte saritan; bezeroek erosketako txartelean izena eta telefonoa idatzi eta saltokian utzi beharko dute zozketan parte hartzeko. Guztira 38 sari banatuko dira: 300 euroko sari bat, 100 euroko 17 sari eta 50 euroko 20 sari. Sariak Bedelkarreko komertzioetan trukatzeko txarteletan emango dira.

Bestalde, azken urteetan erakusleiho-lehiaketako parte hartzea jaitsi egin zela eta, Bedelkarrek erabaki zuen lehiaketari "buelta bat" ematea. Horregatik, iaz jarri zuten martxan letren lehiaketa, eta, izan zuen parte hartze ona ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute: "Jendeari asko gustatu zitzaion ekimena, dinamika polita sortu zen herrian". Hala, Zuri esker ga esaldia izango da protagonista aurten; Beart-eko ikasleek egindako letrak Bedelkarreko komertzioetan ezkutatuko dira. Parte hartzaileek letrak bilatu, argazkiak atera eta esaldia osatuz Whatsapp bidez (616 727 592) bidali beharko dute. Lehiaketa abenduaren 29ra arte da, eta abenduaren 30ean irabazleak jakinaraziko dituzte. Guztira 500 euro zozketatuko dira, 100 euroko bost saritan banatuta, Udalaren eskutik. Gainera, Gabonetan kaleak girotzeko asmoz, txu-txu trena ere izango da aurten, abenduaren 23an eta 26an, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era.

Jolas parkea eta Errege Magoak

Urte berriarekin batera, hilaren 2an, 3an eta 4an, Labegaraietako doako jolas parkeaz gozatzeko aukera izango dute txikienek, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Eta urtarrilaren 5ean helduko dira Errege Magoak; Elosuko desfilea 18:00etan izango da eta herrigunekoa, berriz, 19:00etan. Ohiko ibilbidea egingo dute Errege Magoek herrigunean zehar: udal biltegia, Masterreka, Bideberri, Herrilagunak, Irala, Barrenkalea, San Martin plaza –Erregeek plazan geldialdia egingo dute–, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekalea eta udal biltegia; gutunak udaletxeko atariko postontzian utzi ahalko dira. Euria eginez gero, Seminarixoan egongo dira Errege Magoak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak