Heldu da Algaraka Bakarrizketa Gaua. Gogotsu?
Bai; bereziki kontuan hartuta nire jaioterrian izango dela eta ezezagunak eta jende ezaguna etorriko direla emanaldira, eta, era berean, eskarmentudun eta hasiberriak eta estilo ezberdinetako bakarrizketariak ikusteko aukera izango dugulako.
Bakarrizketaria zara zu; noiz eta zelan hasi zinen?
Betidanik gustatu izan zaizkit bakarrizketak eta, orokorrean, umorezko formatua duten ikuskizunak, eta, Antton Telleria eta beste batzuk euskarazko stand up-ak egiten hasi zirenean, Karkarkar izeneko probaleku bat sortzea okurritu zitzaigun; probaleku horretara gero eta jende gehiago animatzen zela ikusita, niri ere gogoa sartu zitzaidan eta orain dela bi urte igo nintzen lehenengo aldiz oholtza gainera, eta hor jarraitzen dut.
Saioak euskaraz egiteko hautua egin duzu; zertan laguntzen edo zailtzen du horrek?
Esango nuke hautu naturala izan dela nire kasuan, eta ez dakit zenbateraino zailtzen duen euskaraz egiteak; egia da gure eszena underground-a dela eta euskal giroan mugitzen naizela. Argi dago plazarik handienak oraindik ere gaztelerazko ikus- kizunek betetzen dituztela, baina ez da aparteko meritua, nire ustez, euskaraz egitea.
Algaraka ekimenak ze ekarpen egiten du, alde horretatik?
Uste dut bakarrizketariek euren lana zabaltzeko orduan ez daudela aukera asko, ez baldin bada norberak esfortzu ekonomiko handia eginda, beren lana kalitate oneko ikus-entzunezkoetan jasotzeko, eta nik uste dut hor egin dezakeela ekarpena Algarakk. Horretaz gain, izan daiteke, baita ere, topaleku eta publikoarentzako ere agian ezagutzen ez duen modalitate bat deskubritzeko modu bat.
Aurkezle lanak egingo dituzu gaur; zer duzu prestatuta?
Esango nuke aurkezlearen lana ikusiko duen horretan publikoa kokatzea dela, eta gero etorriko diren umoristentzat plaza prestatzea; horretarako, bakarrizketa labur bat egingo dut, eta espero dut publikoari lehen barreak ateratzea, eta, hala, datozen umoristei lanak erraztea. Lortuz gero, ni pozik!
Bost bakarrizketari aukeratu zenituzten; zer diozu eurei buruz?
Molde ezberdinak ekarriko dituzte. Adibidez, jende askok ezagutuko duen Ane Lindanek, umore politikoa eta garratza, eta, beste ikuspuntu batetik, lehenengo aldiz taularen gainera igoko den Usue Aspiazu bergararrak umore kostunbristagoa eta behaketatik gertuago. Elisabet Mejutok kanpoan bizi izan den euskal herritar izatetik jardungo du, euskara ardatz hartuta. Agian, ikuspuntu surrealistagoa ekarriko du Mitxel Martinezek, eta eskarmentua duen Inixio Amillanok ere seguru estilo bereizgarria.
Gonbidatu bat ere izango da, Maria Blanco aktorea eta umorista. Zer eroango du Seminarixora?
Mariak lurrikara bat ekarriko du. Publikoa alertan jartzen duen estiloa da harena, eta gai da publikorik hotzena ere martxan jartzeko.
Stand up tailerra egin duzue; nola joan da?
Balorazio positiboa da, eta, saioa motza izan arren, gauzatxo batzuk atera ziren. Bakarrizketari hasiberriei oinarrizko tresnak eskaintzea zen helburua.
"Sarrerak agortzea pozgarria da, baina are pozgarriagoa jendea barre egiteko gogoz etortzea"
Sarrera ia guztiak agortuta daude; bakarrizketak bogan daude?
Pozik gaude, nola ez, baina sarrerak agortzeak baino gehiago poztuko ninduke jendea barre egiteko gogoz etortzeak, umoristen proposamenak gogoz entzuteak eta, batez ere, ondo pasatzeak eta txalo egiteak.

Taularen gainean izango direnak
- Ane Lindane Bilboko aktore eta umorista. Euskal eszenako ahots bereizgarrienetako bat da, umore zorrotz eta ironikoaren bidez egunerokotasunari eta generoari buruzko begirada propioa eskaintzen duena.
- Inixio Amillano 2023an hasi zen altsasuarra komediaren munduan, stand-up-aren eta antzerki inprobisatuaren eskutik. Bakarrizketetan, egunerokoari aurpegia aldatzen dion umorea eskaintzen du: gertutik, zintzotasunez eta ikuspegi zehatz batekin.
- Elisabet Mejuto Kazetaria eta komunikazio politikoan espezializatua da lazkaotarra. Azken hamar urteetan Bartzelonan bizi izan da, eta stand-up komedia landu du; egunerokoaren, intimitatearen eta autoironiaren elementuak uztartzen ditu, besteak beste.
- Mitxel Martinez Umorearen zirkuituetan bidea egiten dihardu debarrak. 2024rako Bagera Elkarteak eta Karkarkar-ek Tabakaleran antolatutako stand-up probalekuan parte hartu zuen. Hasiberritzat du bere burua, hasiberri gogotsutzat. Publikoaren aurrean bere buruaz barre egitearen eta umorean filtrorik ez erabiltzearen aldekoa da.
- Usue Aspiazu Zientzia dibulgatzailea eta munduarekiko jakin-min handikoa da bergararra. Txikitatik musika eta kantu munduan aritua eta antzerkian ere pausoak emandakoa. Zientziaren, artearen eta izatearen baturan aurkitzen du bere tokia. Stand-up-ean hasiberria.
- Maria Blanco Bergaran bizi den aktore eta umorista ezaguna. Bakarrizketen eta antzerkiaren bidez publikoarekin konektatzeko gaitasun berezia du. Algaraka Bakarrizketa Gauean bakarrizketari gonbidatua izango da.