Bergarako musikarien kontzertu bereziak asteburuan, Gabonak badatozela iragartzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko abenduaren 18a

Gabonetako kontzertua, iaz; frontoiko obrengatik, San Pedro elizan egin zen.

Urtero legez, goi mailako zuzeneko kontzertuek iragarriko dituzte Gabonak Bergaran. Bergarako Musika eta Dantza Eskolako ikasleen kontzertua bihar (18:30), abenduak 19, eta Gabonetako kontzertu nagusia etzi (20:30), abenduak 20, udal pilotalekuan. 

Bergaran ez dago Gabonen hasiera ulertzerik Gabonetako kontzertu berezirik barik. Aurten udal pilotalekura itzuliko da zita berezia, iaz frontoiko obrek eraginda kontzertua San Pedro elizan egin behar izan ostean; zapatuan izango da, abenduak 20, frontoian (20:30). Sarrerak salgai daude, zortzi eurotan, seminarixoa.eus webgunean. 

Enrike Txurruka: "Meritu handia da"

Urtero bezala, Bergarako Musika Bandak, Musika eta Dantza Eskolak, Orkestra Sinfonikoak, Orfeoiak eta Aritzeta abesbatzak antolatu dute, Udalaren laguntzarekin. Eta, bandako zuzendari Enrike Txurrukaren arabera, "oso zita garrantzitsua" izaten da hainbat bergararrentzat: "Meritu handia da gurea bezalako herri batean halako kontzertu bat muntatu ahal izatea, horrenbeste herritarren parte-hartze zuzenarekin eta, umiltasunetik esanda, halako mailako ikuskizuna eskainita. Horrenbeste urtez mantentzen jarraitzeak ere badu meritua; izan ere, halako ekimenekin hastea zaila izaten da, baina baita mantentzea ere".

Kontzertu berezi horrek lanketa berezia eskatzen du aldez aurretik, Txurrukak gogoratu duenez: "Talde bakoitzak bere aldetik landu ditu bakarka abestu edo joko dituen kantuak, eta baita elkarrekin joko ditugunak ere. Gero, egueneko eta egubakoitzeko entsegu orokorretan dena bateratzen dugu. Hala ere, errepertorioa eta errepertorio horretarako konponketa lanak prest zeuden irailerako, eta ordutik hainbat bilera egin ditugu, Udalaren laguntzarekin, dena ondo antolatzeko. Muntaia handia izaten da, gauza asko hartu behar izaten dira aintzat".

Talde bakoitzak dagozkion piezak interpretatu ostean, talde guztiak elkartzen direneko azken pieza izaten da kontzertuko momenturik ikusgarriena: "Aurten bideo-joko baten soinu banda eskainiko dugu, fantasia epiko moduko bat. Musika sinfonikoaren beste esparru garrantzitsu bat da gaur egun bideo-jokoena ere, eta, pelikuletako musikarekin batera, ondo egokitzen da gure formatura". Honako pieza hauek entzun ahalko dira aurten, besteak beste: Satoshi Yagisawaren Hymn to the sun-with the beat of mother Earth, Mari Domingi Bidaian abesti herrikoia, Ed Sheeran-en eta Elton John-en Merry Christmas, The Poguesen Fairytale of New York, Izaroren Paris eta Idoiaren Un último baile bajo el aguacero.

Musika eta Dantza Eskolako ikasleen Gabonetako kontzertua, iaz, Seminarixoan.

Aritz Alustiza: "Zita garrantzitsua da"

Kontzertu handiaren aurretik, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako ikasleen txanda izango da egubakoitzean, abenduak 19, udal pilotalekuan (18:30). Sarreraren prezioa lau euro da. Eskolako zuzendari Aritz Alustizaren arabera, ondo prestatzen duten kontzertua izaten da: "Guretzat zita garrantzitsua da, ikasleek hainbat ikusleren aurrean jotzeko aukera dute eta modu formal horretan jotzeak dakarren errespetua handia da eurentzat. Denbora asko inbertitu dute irakasleek eta ikasleek entseguetan". Eta, Alustizak aurreratu duenez, dantzariek presentzia handiagoa izango dute aurtengo kontzertuan: "Kontzertuko bigarren blokea euskal kantei eta dantzei dago eskainita; Euskal Herri osoan bidaiatuko dugu, eta lurralde bakoitzeko abesti bakoitzak dantza bat izango du".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak