Atzo arratsaldean jokatu zituzten VI. Reyes Azkoitia Sariko finalaurrekoak, eta partida horiekin zehaztuta geratu da finaleko kartela. Emakumezkoen finalerdiak jokatzea baino ez da falta, eta abenduaren 23an osatuko da guztiz finaleko kartela. Atzoko emaitzen ostean, hauek izango dira abenduaren 30eko finalean jokatuko diren partidak: Aiert Egidazu-Harri Egizabal, Luken Ubera-Aimar Aranzeta, Ekhi Lasa-Haitz Etxaniz, Lier Nin-Lur Juaristi, Amets Agirre-Inar Olano, Urko Muruamendiaraz-Oier Fernandez eta Aritz Zugasti-Gorka Martin.
Bergarako Pilota Saileko arduradun Julen Aranburuk txapelketaren balorazio positiboa egin du: "Seigarren edizioa da, eta egia da parte-hartze handia egoten dela. Aurten ere bai. Ia 80 gaztek hartu dute parte, eta, alde horretatik, oso pozik gaude". Era berean, finaleko partiden aurretik, pilota jolasak eta zozketak egingo dituzte.