Bergarar guztiendako askotariko kirol hitzorduz beteta datoz Gabonak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko abenduaren 19a

Eskubaloiko emakume jokalariak eta jokalari ohiak, iazko Eskubaloi Egunean. (Argazkia: Hasier Larrea).

Bergarako taldeek antolatutako eskubaloi, hockey, saskibaloi eta futbol txapelketak, pilotako finalak eta San Silvestre izango dira protagonista, bihar hasi eta urtea bukatu bitartean.

Hamaika kirol hitzorduz gozatzeko aukera egongo da, beste urte batez, Bergaran Gabonetako opor egunetan. Besteak beste, eskubaloiak, hockeyak, saskibaloiak, futbolak, pilotak eta San Silvestre krosak hartuko dituzte herriko kiroldegi, frontoi eta kaleak.

Jokalari ohiak, kantxara bueltan

Lehendabiziko kirol ekitaldia bihar bertan izango da. Eskubaloi Eguna antolatu du Bergarako Eskubaloi Sailak, eta egun osoko ospakizuna izango da. Partidak goizeko hamaiketan hasiko dira, Labegaraietako kiroldegian. Goizean zehar infantil eta kadete mailetako taldeek gurasoen aurka jokatuko dute; 15:00etan hasita, berriz, gazte eta senior mailetakoek lagun edota jokalari ohien aurka. "Jokalari ohiak bueltan ikusteak ikusmina sortzen du. Gainera, jokalari ohiek beti pentsatzen dugu gure garaikoak gaur egungoak baino hobeak garela, nahiz eta gero kantxak bakoitza bere lekuan jartzen duen", azaldu du zuzendaritza taldeko kide Gorka Ugaldek.

Bestalde, hilaren 29rako, 8-12 urte bitartekoendako Eskubaloi Txapelketa antolatu dute. LH3- 4koen partidak 16:00etan hasiko dira; LH5-6koenak, berriz, 18:00etan. Hala ere, izen-ematearen arabera ordutegian aldaketak egon daitezke. Izen-ematea hilaren 21era arte dago zabalik.

Hiruko Hockey Txapelketa

Burdinola Irristaketa Taldeak antolatutako XIII. Bergarako Hiruko Hockey Txapelketa, ohi bezala, abenduaren 26an jokatuko dute, 09:00etan hasita, Labegaraietako kiroldegian. LH1etik LH4ra bitarteko gazteek hartu dezakete parte eta banakako izen-ematea egin beharko dute. Kirol taldeko arduradun Agustin Oyangurenek adierazi du egunean bertan egiten dituztela talde mistoak, benjamin, alebin, infantil, kadete eta nagusien kategorietan banatuta: "Goizean 09:00etatik 14:00etara ligaxka jokatzen dugu, eta finalak arratsalderako uzten ditugu, 16:00etatik 18:30era". Alabaina, 11:30etik 13:00etara irristaketa topaketa egingo dute 2016 eta 2019 artean jaiotakoendako.

"Jendea animatu dadila. Dagoeneko Gabonetan sartuta gaude eta ondo pasatzeko modu bat izan daiteke. Partaide bakoitzak babesak, kaskoa eta patinak eraman behar ditu", azaldu du.

Txapelketarako eta irristaketa topaketarako izena eman behar da. Partaide bakoitzak sei euroko ordainketa egin beharko du ES07 2095 5070 7091 1737 0575 kontu korrontean.

Saskibaloiko bi hitzordu

Udal Pilotalekura itzuliko da XIV. Gabonetako Hiruko Saskibaloi Txapelketa, abenduaren 27an. 2010etik 2017ra bitartean jaiotakoendako –bi urteak barne–. Goizeko partiduak 10:00etan hasiko dira; arratsaldekoak, berriz, 16:00etan. Hala ere, antolatzaileek aurreratu dute ordutegiak aldaketak izan ditzakeela izena emandako talde kopuruaren arabera.

Parte-hartzaileek taldeka eman beharko dute izena eta talde bakoitzeko 24 euroko ordainketa egin behar da –ES27 2100 2414 1702 0006 9971–. Izena emateko azken eguna gaur da ikastetxeetan, eta abenduaren 21ean Agorrosinen.

Bestalde, Bergara Hiria Emakumezkoen Saskibaloiko Txapelketa jokatuko da abenduaren 28an, Labegaraietan. Infantil eta kadete mailetako Euskadiko eta Nafarroako selekzioen arteko partidak izango dira: 16:00etan infantilena eta 18:00etan kadeteena.

Pilotako zortzi final

Azaroan hasi zuten lau eta erdiko Reyes Azkoitia Pilota Txapelketa benjaminetatik nagusienetarainoko pilotariek, eta hilaren 30ean jokatuko dituzte finalak, 17:00etan hasita, frontoian.

Bergarako Pilota Saileko arduradun Julen Aranburuk txapelketaren balorazio positiboa egin du: "Seigarren edizioa da, eta egia da parte-hartze handia egoten dela. Aurten ere bai. Ia 80 gaztek hartu dute parte, eta, alde horretatik, oso pozik gaude". Era berean, txapelketaren aurretik, pilota jolasak eta zozketak egingo dituzte.

Futboleko ekimenak

Alfredo Najera Memoriala hilaren 23an 17:00etan eta Gabonetako Alebin Txapelketa, berriz, hilaren 28an 10:00etan izango dira, Agorrosinen.

Halaber, martxan da Bergarako Kirol Elkartearen urteroko Gabonetako zozketa berezia. Sariak Bidekurutzeta kaleko erakusleihoan egongo dira ikusgai, Depor tabernaren ondoan, eta txartelak salgai daude jokalarien artean eta ondorengo tabernetan: Depor, Irrintzi, Arkupe, Agorrosin eta Labegaraieta. Zozketa abenduaren 31n egingo da, 20:00etan.

Askotariko kirol materiala ere jarri dute salgai, eta www.bergarakedenda.com webgunean egin daitezke eskaerak; garaiz egiteko eskatu dute, garai hauetako pilaketak ekiditeko.

Urteari agur, korrika

Ohi bezala, urteko azken hitzordua San Silvestre Trail izango da. Abenduaren 31n 11:30ean hasiko dute lasterketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak