"Salbuespenezko inbertsioen" ostean, sei milioi euro gutxiago proposatu dute 2026ko udal aurrekonturako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025eko abenduaren 17a

Udal Gobernuko Arantzabal, Usobiaga, Marzan, Telleria, Usabiaga, Artola, Azkargorta, Narbaiza eta Lete, asteon, udaletxean. Argazkia: Bergarako Udal Gobernua.

2026rako 32.478.099 euroko aurrekontua proposatu du Udal Gobernuak, 2025ekoa baino sei milioi euro inguru baxuagoa – iazkoa 38.552.926 eurokoa izan zen–. "Iazko salbuespenezko inbertsio mailaren ondoren, 2026ko aurrekontuak gaur egungo errealitatera doitzen dira, baina herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoen kalitatea eta jarraitutasuna bermatuz. Gure lehentasuna argia da: baliabideak arduratsu kudeatzea, inor atzean utzi gabe", adierazi dute, ohar bidez. 

Bergarako Udal Gobernuak 2026rako aurrekontu proiektua aurkeztu du, herritarren eguneroko beharrei erantzuteko eta Bergara "bidezkoago, inklusiboago eta jasangarriago bat" eraikitzeko helburuarekin. Aurrekontuak Udaleko talde politikoei aurkeztu zaizkie, ekarpenak jaso eta elkarrizketaren bidez adostasunak lantzeko borondatearekin.
32.478.099 euroko aurrekontu honek egokitzapen arduratsu bat islatzen du. Aurreko urteko salbuespenezko inbertsio mailaren ondoren, 2026ko aurrekontuak gaur egungo errealitatera doitzen dira, baina herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoen kalitatea eta jarraitutasuna bermatuz. Udal Gobernuaren lehentasuna argia da: baliabideak modu arduratsuan kudeatzea, inor atzean utzi gabe.

Udal Gobernuaren hitzetan, aurrekontu hauek "kudeaketa zuhur baten emaitza dira; sarrerak egoera errealera egokituta daude, baina gizarte zerbitzuetan, hezkuntzan, kulturan eta zaintzan ez da atzerapausorik izango. Gobernu planak markatutako bideari eusten diogu, epe ertainera Bergararen erronkei erantzuteko oinarriak sendotuz".

"Ongizatea indartzen duten inbertsioak"

Diotenez, aurrekontuak, azpiegituretan ez ezik, pertsonen bizi kalitatean eragin zuzena duten jardueretan jartzen du arreta. Kirol arloan, Agorrosingo ekipamenduetan berrikuntzak herritar guztientzako kirol-praktika osasungarria eta irisgarria bermatzea du helburu.  Hirigintzako proiektuek, berriz, auzoak bizigarriagoak egiteko eta espazio publikoak elkargune bihurtzeko apustua egiten dute. Ingurumenaren arloan, energia berriztagarrien aldeko inbertsioek eta ur sarearen hobekuntzek etorkizun jasangarriago baterantz urrats sendoak ematea ahalbidetuko dute, belaunaldi berrien ongizatea kontuan hartuta. Auzoetan egindako inbertsioek, baserri bideen konponketatik Osintxuko plan berezira arte, udalerri osoaren oreka eta kohesioa sendotzea dute xede, landa eremuko herritarren beharrei ere erantzunez.

"Gizarte politiken sendotzea"

Aurrekontu honen ezaugarri nagusietako bat, Udal Gobernuak azaldu duenez, gizarte politiken sendotzea da: "Adinekoen kontseilua indartzea, haurren kontseilua martxan jartzea eta kulturarteko mahaia sustatzea herritarren parte-hartzea eta elkarrizketa bultzatzeko tresna dira. Era berean, segregazioari aurre egiteko ekintzek eta euskararen errefortzuen birplanteamenduak berdintasuna eta inklusioa indartzea dute helburu". Arrizuriagako Txoko feminista eta kultur gunea ere "proiektu estrategiko gisa" kokatzen dute, berdintasunerako, sormenerako eta komunitatearen ahalduntzerako espazio gisa.

Eguneroko zerbitzuak bermatzeko konpromisoa

Aurrekontuaren zati esanguratsu bat gastu arruntetara bideratuko da, Udalaren eguneroko funtzionamendua eta herritarren oinarrizko zerbitzuak bermatzeko. "Bereziki, etxez etxeko laguntza zerbitzuak adinekoen zaintza eta autonomia sustatzen jarraituko dugu, eta kultur ekintzek Bergarako bizitza soziala eta komunitarioa indartuko dute". 

Elkarrizketarako eta adostasunetarako bidea

Aurrekontu proiektua datozen asteetan eztabaidatuko da osoko bilkuran. Udal Gobernuak "argi" adierazi du oposizioko taldeekin elkarlanean aritzeko prest dagoela, aurrekontuak ahalik eta adostasun handienarekin onartu eta Bergararen etorkizuna elkarrekin eraikitzeko.

 

GASTUAK KAPITULUKA

 

PERTSONAL GASTUAK

10.920.926,22

ONDASUN ARRUNT ETA ZERBITZUETAN

12.196.384,02

FINANTZA GASTUAK

314.000

TRANSFERENTZIA ARRUNTAK

3.034.607,46

KREDITU GLOBALA

392.000

INBERTSIO ERREALAK

4.124.294,30

KAPITAL TRANSFERENTZIAK

388.387

FINANTZA AKTIBOAK

7.500

 

GASTU PARTIDA AIPAGARRIAK

 

ARRIZURIAGA TXOKO FEMINISTA

108.000

ARRIZURIAGA KULTUR PROIEKTUA

91.000

BIDEGORRIA AZKEN FASEA

250.000

UDALTZAINEN ALDAGELAK

213.000

BIODIBERTSITATEAREN ZAINTZA

75.000

MARTOKO (1 ETA BI FASEAK)

725.000

HAINBAT URBANIZAZIO LAN

590.000

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK (AGORROSIN)

230.000

BASARTEKO UR BANAKETA

70.000

KIROL EKIPAMENDUEN BERRITZEA

50.000

AUZO BIDEEN KONPONKETA

210.000

ADINEKOEN KONTSEILUA INDARTZEA

9.000

KULTUR ARTEKO MAHAIA

15.000

EUSKARA ERREFORTZUAK

26.000

ETXEZ-ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA

1.292.846

KULTUR EKINTZAK

335.771

HONDAKIN BILKETA ETA MAKONUNITATEKO ZERBITZUAK

2.433.120

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak