Patata-tortilla lehiaketa, pintxo-dastatzea eta bermmutak, bazkariak eta kontzertu akustikoak osatu dute egitaraua, Zubitxa Zentro Sozialistaren 5. urteurrena ospatzeko. Hala, antolatzaileek "balorazio positiboa" egin dute. Adierazi dute urtean zehar Zubitxak antolatzeko, lanerako eta jarduna aurrera eramateko balio duela, baina garrantzitsua iruditzen zaie urteurrenean geratu eta ospatzea.
"Modu ezberdinetan proiektu politikoan parte hartu duen jende ezberdina egon da egunean zehar; bai goizeko egitarauan, baita bazkarian ere. Hainbat arlotan lanean dagoen jendea elkartu, ezagutu eta komunitate politikoa indartzeko funtzioa bete du gaurko egunak", azaldu dute.

Abenduan, ekintza gehiago
Gehitu dute, gaurko ospakizunak indarrak hartzeko balio izan duela abenduan zehar dituzten lanekin jarraitzeko.
- Abenduaren 18an, 19an eta 20an: neguko arroparen bilketa, 17:00etatik 20:30era bitartean.
- Abenduaren 21an eta 28an: liburutegia irekiko da ikasleentzat, 09:00-20:00 bitartean. Horretaz gain, apunte bankua ere eskuragarri egongo da.
- Abenduaren 22a: neguko arroparen banaketa egingo da 17:00etatik 20:30era bitartean.
- Abenduaren 23a: Taher Ali Palestinako aktibistaren hitzaldia, 18:00etan; Palestinako gatazka izango du hizpide. Ondoren, 20:00etan, kontzertua Negu Urbilak taldearen eskutik.
Herritar guztiak gonbidatu dituzte abendurako antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera.