Egokitzapen hau Udal Gobernuaren agintaldi planaren barruan dago, alde zaharra biziberritzeko eta erabilerarik gabeko lokalak berreskuratzeko estrategiaren baitan. Markel Azkargorta zinegotziak honela azaldu du proiektua: "Udalak 2025eko maiatzean eskuratutako Biltoki zaharra berritzeari esker, Udaleko gizarte zerbitzuek eskaintzen duten arreta hobea izango da bergararrontzat. Zerbitzu publikoak herritarrengana gerturatzea da gure helburua, eta espazio berri honek aukera emango du arreta erosoago eta modernoagoa eskaintzeko".
Lanek hainbat egokitzapen aurreikusten dituzte: banaketa berria bulego eta bilera gelak sortzeko, herritarren arretarako espazio erosoa diseinatzeko eta komunak irisgarri egiteko. Proiektuak, Biark Studio estudioarekin landua, aukera emango du gizarte zerbitzuen bulegoak modu estankoan ixteko eta, bulego ordutegitik kanpo, harrera lekua eta bilera gelak herritarrek erabiltzeko, bilera txikiak egiteko zein atsedenleku edo babesgune klimatiko moduan.
Obraren lizitazio oinarria 579.972,19 eurokoa (BEZ barne) izan zen, eta lehiaketa publikora atera ondoren, lanak Goitu Eraikuntzak SL enpresak burutuko ditu, 566.476 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin.