Lau urtez harri-jasotzaile ibili eta gero, Paulo Azpiazuk (Bergara, 1996) agur esango die herri kirolei. "Bi urte daramatzat bizkarreko lesio batekin; erresonantzia egin dut, eta berez ez da larria, errekuperatuko naiz, baina lesio horrek harria alde batera uztera eraman nau denbora batez, eta konturatzen naiz lehen nuen mailara bueltatzeko denbora beharko nukeela, eta dedikazio handia. Eta, egia esan, ez daukat horretarako gogorik. Alegia, herri kiroletan egin dudan bidearekin oso pozik nago, baina harria oso modalitate zorrotza da, eta lotua. Dedikazio handia behar du, eta beste gauza batzuetan jardun nahi dut. Ni entrenatzaile pertsonala naiz, bezero askori eskaini behar diet arreta, eta autonomo egiten dut lan. Eta harriak energia asko kentzen dit"
Ondo hausnartutako erabakia
Bergarakoarendako ez da erabaki erraza izan. "Txapelketek asko eman didate, plazaz plaza ibiltzea ederra izan da, eta izetatarrekin izan dudan hartu-emana oso estua izan da. Badakit honek guztiak hutsune bat utziko didala, baina poliki-poliki joango gara hutsune hori beste kontu batzuekin betetzen. Kostatu zait erabaki hau hartzea, baina uste dut onena dala, denbora irabaziko dut niretako, eta asteburuetan ere lasaiago ibili ahal izango naiz".
Urte hauetan egindako lorpenen artean, iaz irabazitako harri txikien Euskal Herriko txapelketa dago, baina Azpiazuk beste lorpen batzuk ere baditu buruan. "2021ean Zarautzen egin nuen debuta, Zarauzko bi harriekin jardun nuen (124 eta 118 kilo), eta egun hartan 17 jasoaldi egin nituen. Bi hilabete baino ez neramatzan entrenatzen, eta egun hartan Urrak [Mikel Lopetegi] 31 jasoaldi egin zituen Zarauzko harriarekin. Jendeak aipatu zuen sekulakoa izan zela Urrak egindako hura, errekor historikoa izan zela. Pentsa, orduko errekorra Jose Ramonek zeukan [Jose Ramon Iruretagoiena, Izeta II-a], eta nik oso pozik amaitu nuen, hasiberria nintzelako. Bada, aurten Urrak eta biok 31 altxaldi egin ditugu harri horrekin. Adibidez, badaude txapelketa ezagunagoak, baina Zarauzko, Igeldoko (134 kilo) eta Iraetako (107 kiloko bola) harriekin egindako markak oso gogoan izango ditut; horiek ez ditut berehalakoan ahaztuko".
Herri kirolei bultzada
Bergarakoak uste du azken urteotan herri kiroletan hasi diren gazteek haize freskoa ekarri dutela. "Batzuk fitness mundutik etorri gara, eta erakutsi dugu lehiakorrak izan gaitezkeela. Debut egunean entzun behar izan genuen indarra izatea ez zela nahikoa harria jasotzeko, ez genuela teknikarik... eta uste dut urte hauetan jende horrek iritziz aldatu duela. Plazetako erakustaldiei esker Euskal Herria hobeto ezagutu ahal izan dut, baina horiek ez ditut horrenbeste faltan igarriko. Txapelketak, ordea, bai, oso lehiakorra naizelako".