Bergara Hiria eskubaloi txapelketan, Debagoiena, Gipuzkoa eta Zumaiako Pulpo

Mireia Bikuña 2025eko abenduaren 4a

Kadete mailako eskubaloiko Bergara Hiria txapelketa jokatuko da hilaren 8an, Labegaraietan. Partiduetako zati bakoitza 20 minutukoa izango da. Hiruko txapelketa izanik, puntu gehien batzen dituen taldeak irabaziko du.

Debagoieneko eta Gipuzkoako selekzioak eta Zumaiako Pulpo ariko dira nor baino nor gehiago. Torneoa 16:0etan hasiko dute, eta lehenengo norgehiagokan Gipuzkoa eta Debagoiena izango dira aurrez aurre; 17:15ean jokatuko dute Pulpok eta Gipuzkoak;
eta 18:30ean, Debagoienak eta Pulpok.

Zazpigarren aldia izango da oraingo hau. "Ibilbide txikia duen txapelketa izan arren, oso inportantea da guretzat. Debagoieneko hiru eskubaloi kluben arteko harremana ona dela erakusten dute halako txapelketek, eta jokalariendako esperientzia polita izaten da: kirolaren bidez beste herri batzuetako jendea ezagutu, lehiatik harago jokatu, ondo pasa...", esan dute antolatzaile lanetan diharduten Bergara Eskubaloiko kideek.

Bailarako ordezkariak

Hain zuzen ere, Bergarako, Arrasate Eskubaloiko eta Aloña Mendiko jokalariek osatuko dute Debagoieneko selekzioa. Guztira, hamasei jokalari: Aloña Mendiko Pagoa Palacin, Uxue Iñurritegi, Sara Urzelai, Katixa Agirrebalzategi, Irati Letona, Maialen Urigoen eta Amaiur Campo; Bergarako Marene Kalboetxeaga, Ainhize Azkarate, Laiene Kortabarria, Laia Balanzategi, Maddi Iñarra eta Lur Olabarria; eta Arrasate Eskubaloiko Izaro Tena, June Dominguez eta Izadi Zuriarrain. Bestalde, Unai Alberdi, Mara Aranex eta Alazne Iñarra izango dira entrenatzaileak.

Gipuzkoako selekzioan ere egongo dira bailarako ordezkariak: Nora Ibarzabal bergararra eta Ilargi Bengoa arrasatearra.

Azaroan, entrenamenduak

Bergara Hiria txapelketa prestatzeko, azaroko lau domeka arratsaldetan entrenamenduak egin dituzte jokalari guztiek. "Hasierako hoztasunak pasata, elkarren artean ezagutzeko eta bakoitzaren jokamoldeak ulertzeko balio izan dute entrenamendu horiek", esan dute.

Etxeko lanak eginda, entrenamenduetan ikasitakoa eta landutakoa kantxan erakusteko
ordua da. Aurrez aurre izango dituzte Gipuzkoako selekzioa eta Pulpo taldea. "Aurkari gogorrak izango ditugu kantxan. Badakigu emaitza aldetik zerbait positiboa lortzea oso zaila izango dela, Gipuzkoaren eta Pulporen mailak ikusita. Baina entrenamenduetan lortu dugun kohesioa mantentzeko gai bagara eta intentsitate maila handiarekin jokatzen badugu, gutxienez, partiduak borrokatzeko gai garela uste dugu. Lehiakorrak
izango gara", azpimarratu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak