Ernaik antolatutako manifestazioaren harira, Ernaiko kide diren Beñat Loidi bergararrak eta Amets Arexolaleiba arrasatearrak, zapatuko mobilizazioaren nondik norakoak azaldu dizkiete GOIENAri.
Abenduaren 6an manifestazioa antolatu duzue Espainiar konstituzioaren egunaren harira. Zein da helburua?
Beñat Loidi: Ez da kasualitatea Abenduaren 6aren egunean manifestazioa deitu izana, izan ere, 47 urte beteko dira aurten, Espainiar konstituzioa Madrilgo gorteetan onartua izan zenetik. Beraz, Euskal Herriak larunbat honetan ez du ezer ospatzeko, eta hori aldarrikatuko dugu Bergarako kaleetan zehar, duela berrogeita zazpi urte herri honek egin zuen bezala, gazteok ez dugula Espainiar konstituzioa onartzen. Guretzat borroka eta intsumisio eguna da, independentzia aldarrikatzeko eguna.
Amets Arexolaleiba: Sinistuta gaude, Euskal Herrian badaudela beste toki batzuetan ez dauden baldintza batzuk, beste egiteko modu batzuk dauzkagula, hau da, gurea kontzientzia politiko zein sozial propioa eta nortasuna duen herria dela, eta hori balioan jartzera goaz. Hortaz, bidegurutze baten aurrean aurkitzen da Debagoieneko gazteria: independentzia eta gazteon bizitza duinak bermatuko dituen estatua eraiki ala kontrara, espainolismoa eta espainiar elite ekonomiko eta politikoen interesen alde lerratu eta horrela gazteok bizi dugun krisi egoera betikotuko duen norabidea hartzea. Beraz, aldarri nagusi bat plazaratzea da gure helburu nagusia, independentzia, eskutik lotuta doan antiespañolismoa-rekin noski.
Zer iradokitzen dizue gaur egun indarrean dagoen konstituzioak?
Beñat Loidi: "Atado y bien atado" dio diktadorearen esaldia famatuak, konstituzioaren sintesi ezin hobea egiten duela esango nuke. Diktadurak Euskal Herrian errepresioa, ukazioa eta zapalkuntza betikotu eta normalizatu zituen. Beraz, konstituzioa eta egungo espainiar estatuaren hezurdura osoa premisa antidemokratiko baten egitura bezala ulertu behar dugu, frankismoak ezarritako logika politikoen jarraipen gisa. Euskal Herria nazio gisa aitortu beharrean, bere existentzia politikoa ezkutatzen edo ukatzen duen marko baten oinarria da, horrek gure herriaren kultura, hizkuntza, memoria zein borondate politikoa zapaldu eta gartzeko aukerak erabat mugatzen dituelarik. Honek, Espainiaren batasuna sakratu bilakatzen du, monarkia babesten du, patronalaren proiektuak babesten ditu eta abar luze bat. Laburbilduz, Euskal Herriaren errepresioa eta zapalkuntza betikotzeko tresna da.
"Diktadurak Euskal Herrian errepresioa, ukazioa eta zapalkuntza betikotu eta normalizatu zituen"
Honek guztiak, ezinezko egiten du herri honek bere etorkizuna askatasunez erabakitzea, ondorioz, Euskal Herriko gazteon etorkizun politiko eta bizitza duinen bidean oztopo nagusietako bat denez, abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko.
Horrelako egunetan, kontzientzia soziala eratzeaz gain, kaleak hartzea ezinbestekoa dela uste duzue?
Amets Arexolaleiba: Bai, noski. Uste dugu, Euskal Herria badela kontzientzia politiko zein sozial propioa duen herria, hemen badaudela munduko beste edozein txokotan aurkituko ez ditugun beste baldintza batzuk, eta hori hauspotzea dagokigula gazteoi, eta horretan ari gara. Eta horren adierazle dira, azken hilabeteetan Espainiar faxismoaren aurrean gazteria askatasun haize bilakatu izana, Txiki eta Otaegi oroituz eta gurean faxismoak leku txikiena ere ez duela argi utzi izanak, edo egungo sistema arrakalatzeko lubaki feministak eraiki izana baterajotzean zein azaroaren 25an, edo Euskal Herrian egon diren Palestinar herriaren aldeko elkartasun uholdeak. Beraz burujabetza eta eraldaketa sozialaren norabidean, mobilizazio soziala garrantzitsua da guretzat.
Elkoro eta Ayastuy omenduko dituzue manifestazioan ostean. Zergatik?
B.L.: Datorren uztailean 150 urte beteko dira foruen aboliziotik, beraz; 50 urte Alkateen Mugimenduak Bergaran egin zuen bilkura historikotik. Frankismoaren ostean lehen aldiz, instituzioetan herriaren taupada islatu zen unea izan zen, eta horien bitartez, ikurrinaren legalizazioa, presoen amnistia, euskararen ofizialtasuna, Euskal Estatua aldarrikatu ziren besteak beste. Mugimendu haren gidari izan zen Jose Luis Elkoro, herrigintza DNAn eramanik, herritarren mandatua instituzio gorenetara eraman zuen abertzale kolosoa.
A.A.: Eta datorren urteurren borobil hori konstituzio egunaren aurkako manifestazioarekin txirikordatu nahi izan dugu, bi mugarri hauen funtsa berbera dela ulertzen dugulako: Euskal Herriak eskubide nazional batzuk ditu eta betikoak ez dituzte errespetatzen eskubide nazional horiek. Beraz, Jose Luisi egindakoaren aitortza egin zein eskerrak emateko eta beraiek zein hamaika herritarrek burujabetzaren alde eginiko borroka gure egiten dugulako eta beraien lekukoa hartzen dugula adierazteko gazte omenaldi xume bat antolatu dugu manifestazio amaieran.
Zer suposatzen du Ernairentzat haiek egindako bideak?
"Herri zahar honek, bide luzea du oraindik egiteke, eta hori izandakoei, garenoi baina batez ere ondorengoei diegu zor"
B.L.: Elkoro eta Ayastuyren ibilbideak, iragan politiko batetik gaur egungo estrategia eta antolakuntza molde berrietara heltzen laguntzen du, hasi Alkartu Naitik, Alkateen Mugimendura, gero Txibertara, Egin, Herri Batasuna… bada hari eroale bat. Beraiek egindako bidea eredutzat daukagu egungo gazteok, betiere tokian tokiko eta unean uneko testuingurura moldatuz noski. Oinarri bat eraiki zuen belaunaldi hark, norabide bat, xede bat… hori hauspotu zuelarik. Argi daukagu, beraiengatik ez balitz egun Euskal Herrian ez litzatekeela egoera honetan aurkituko, baldintza batzuk sortu dituzte, gure herriaren hizkuntzaren, kulturaren zein memoriaren transmisore izan dira, balio eraldatzaileen aintzindari ere izan dira, eta herri honekiko konpromisoan, maitasunean, ausardian eta borrokarako grinean eredutzat izan ditugu. Haien borrokak gogorarazten du Euskal Herria askatzeko bidea posible dela, eta guk gure gain hartzen dugu borroka hura eguneratu eta aurrera eramateko ardura.

Iraganean lortutakoak hor daude, baina etorkizunera begira zaudete, ezta?
A.A.: Mari Karmen edo Jose Luisekin batzen gaituena: eusko nazio askapen mugimenduaren proiektu politikoa da. Bien balioekin konektatzea ez da iraganaren errepikapena: baizik memoriatik etorkizunerako proiektu politiko partekatu bati ekitea da. Eta horrek gaitu belaunaldi berriei ere etorkizunera begira jarri eta askatzera lotu.
Eta noski, herri honen etorkizuna ezin baita historiarik gabe ulertu, baina beti ere une historikoa irakurtzen asmatu behar dugu. Beraz, iragana gure oinarri eta ikasgai bada ere, gure begirada eta konpromisoa etorkizunean jarri behar dugu, eta horretan ari gara lanean. Herri zahar honek, bide luzea du oraindik egiteke, eta hori izandakoei, garenoi baina batez ere ondorengoei diegu zor, herri honen izana eta izena oinarri harturik, garai berrietara egokituz, inolako zapalkuntzarik egongo ez den Euskal Herria eraikitzea.