Kontseiluan parte hartzen dute Bergarako Udalak, adinekoen arloan jarduten duten hainbat eragilek –Nagusilan, Mizpirualde, Duintasuna elkartea, San Joxepe egoitza, Angiozar, Goyeneche eta Eguneko Zentroa–, baita herritarrek ere. Dinamizazioa Mariaren Lagundiak egiten du. Paloma Martinez dinamizatzaileak adierazi du taldeak egindako lana “esanguratsua” izan dela eta urtearen balorazio "positiboa" egin dutela.
Urtean zehar bi lan taldetan antolatu dira, bi helburu nagusi landuz: batetik, bakardadearen gaineko sentsibilizazioa; bestetik, adinekoen bizikidetza alternatiboen inguruko hausnarketa. Martinezek nabarmendu zuen “elkarlanean gauza ugari aurrera ateratzeko aukera” dagoela, eta landutako proiektuek jada emaitza positiboak eman dituztela.
Erakusketa ibiltaria eta postal solidarioak
Bakardadearen gaia herrian zabaltzeko helburuarekin, argazki lehiaketa antolatu zuten: Nola egiten diozu aurre bakardadeari? galderaren bueltan. Binakako lehiaketa izan da eta aurkeztutako lanetatik 20 aukeratu zituzten epaimahaiak erakusketa ibiltaria osatzeko. Erakusketa hamar tokitan egon da ikusgai eta abenduaren 6an amaituko da, gaztelekuan. Herritarrek botoa emateko aukera izan dute, eta jasotako botoetatik 10 argazki hautatuko dira Gabonetan bakarrik erroldatuta bizi diren adinekoei postal moduan bidaltzeko. Postaletan argazkiaren ifrentzuan Bergarako ikastetxeetako gazteek gutunak idatziko dituzte.
Bizikidetzarako aukerak Bergaran
Bigarren lan-taldeak adinekoen bizikidetzarako aukerak aztertu ditu aurten, erresidentziara joan aurretik herrian bertan dauden zerbitzuei buruzko informazioa batzea xede izanik. Partaideek konturatu dira eskaintza “oso zabala eta aberatsa” dela eta, kasu askotan, haiek berek ez zituztela aukera guztiak ezagutzen. Hori dela eta, gida informatibo bat sortzea erabaki zuten, herritarrei zerbitzuak hobeto ezagutarazteko. Gidaren lehen zirriborroa atzo aurkeztu zuten, aisialdiko proposamenekin osaturik.
2026rako begirada
Bileran Mankomunitatearen ehuntze proiektua ere aurkeztu zuten, eta 2026ari begira Bergaran garatuko diren jarduerak iragarri: urtarrilean bakardadeari buruzko hitzaldia egingo dute eta otsailean esperientzia-trukaketa saioa. Era berean, Kontseiluak logo propio bat sortzearen gaia mahaigaineratu zuen. Gaiak interes eta iritzi ezberdinak sortu bazituen ere, oraindik ez da erabakirik hartu. Amaitzeko, Paloma Martinezek adierazi zuen Kontseilua “nortasuna eta atxikimendua lantzen” ari dela, eta taldeak sendotzen eta bere identitatea eraikitzen jarraitzen duela.